Irakaslea AEBetan

Minneapolisek esperantza eman zidanekoa

Izaskun Indakoetxea
2026ko martxoaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain dela urtebete, Minneapolisen izan nintzen. Izugarrizko elurtea bota zuen gu ailegatu aurretik eta hotza egiten zuen, ikaragarria. Lagunen auzoko patinatze pista elurrez beteta zegoen eta ezin zuen inork bertan irristan egin. Pista parke bateko futbol zelaia zen, ur hormatuz betea. Ondoan epel-etxe bat zegoen, jendeak emandako izotz patinez beteta. Patinatu nahi izanez gero, bertan zure tamainako patinak harrapatu, hanketan jantzi eta horma gainean jarri besterik ez duzu. Horrela, debalde. Baina egun hartan ezin zen inor irristan ibili, pista elurrez estalita zegoelako. Pixkanaka jendea iristen hasi zen, erratz bana eskuan. Patinak soinean, denak elurra errazten hasi ziren, elurra hautsa zen bitartean alde batera baztertuz.

Batek txokolate beroa ekarri zuen, beste batek musika. Horrela, beranduxeago, horma pista patinatzeko egoera perfektuan zegoen, denentzat, libre. Nire artean, haiek bazekitela elkarlanean nola ibili pentsatu nuen, denek gozatuko zuten helburua berehala lortu baitzuten. Inork eskatu gabe, auzokoentzat, adin eta itxura guztietakoentzat pista prest.

Urte bete beranduago, Minneapolisen nintzen berriz. Aurten hiriaren izena titularretan azaldu da Trumpek bidalitako tropek etorkinak defendatzen ari ziren bi lagun hil zituztelako, Renee Good eta Alex Pretti. Orduan bezala, orain ere izugarrizko auzolana ikusi dut herritarren onurarako. Herritarrek hiru taldetan antolatu dute beren burua: besteen umeak eskolara eramaten dituen taldea, etxeetara janaria eramaten dutenak eta azkenik, ICE (immigrazio eta muga polizia) ikusiz gero beraien kotxean jarraitu eta txistuz haien presentzia salatzen dutenak, denak alertan jarriz. Horrela, etxetik ateratzeko ere mugetako tropen beldur direnek janaria jaso dezakete eta beraien umeak eskolara joan daitezke. Esan gabe doa dena bolondres lana izan dela, norberak bere eguneroko lana eta seme alaben zainketa egin bitartean.

Dozenaka etxe, denda eta kafetegi ikusi ditut afixekin: ICE kanpora, Gure bizilagun etorkinak maite ditugu, Minnesota oraingoan ere elkarturik, Gure bizilagunak babesten ditugu, Denak ongi etorriak dira, etab. Izotzezko bihotzak ere urtzeko modukoak ziren kartelak.

Agintari krudelak ditugun honetan, eskuzabal eta bihotz oneko jendea behar dugu erruz, ahal den moduan ahula defendituko duena modu baketsuan. Honetan eman dit esperantza Minneapolisek

Lagunen etxe sarrera komuneko paper, arroz eta babarrunez beteta ikusi dut, aste honetan norbaiten etxera eramateko prest. Lagunen gurasoak, lagunak baino kontserbadoreagoak direnak, beraien elizan Minneapolisera zetozela aipatu eta hirurehun dolar elkartu omen zituzten arratsalde batean auzokoentzako janaria erosteko.

Minneapolisen gauza itsusiak erruz gertatu dira. Garai batean, europarrek bertako indigenak sarraskitu zituzten. Haiek urrutira bidali aurretik atxilotuta sartzen zituzten toki berean gaur egunean etorkinak preso sartzen dituzte deportatu aurretik (Historiak ez al digu ezer erakutsi?). Minneapolisen ere George Floyd poliziak hil zuen eta izugarrizko protestak hasi ziren orduan. Baina gaurkoan bertan gertatzen ari den gauza eder bat aipatu nahiko nuke, boteredunek bortizkeria erabiliz herritarren oinarrizko eskubideak suntsitu ondoren, auzokoek beraien burua nola antolatu duten erresistentzia ezarriz. Zenbat lagun ari dira talde sekretu horietan lanean? Ez dakigu, sekretua delako. Zenbat diru jarri dute herritarrek auzokoak laguntzeko? Ez dakigu eta ez dugu jakingo ere. Zenbat ordu pasa dute antolatzen eta protestaka? Zenbat ume eraman dituzte egunero eskolara? Zenbat txistu banatu ote dituzte? Ez dakigu eta ez du inporta. Denen hobe beharrez, auzokoak elkartu eta beren burua antolatu dute berriz ere. Dudarik egin gabe. Eta momentuz, badirudi bully-aren kontra irabazi dutela, Trumpek tropen erretreta iragarri du eta.

Agintari krudelak ditugun honetan, eskuzabal eta bihotz oneko jendea behar dugu erruz, ahal den moduan ahula defendituko duena modu baketsuan. Honetan eman dit esperantza Minneapolisek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA