Anjel Lertxundi.
HITZ BESTE

Musikarekin

2017ko otsailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ray Bradburyk bederatzi urte omen zeuzkan kontatu ziotenean Alexandriako liburutegiak su hartu zuenekoa. Antzinako sute hark gogotik hartuko zion gogoa, urte batzuk geroago faxismoak humanismoari ekarri zion sute sekulakoa kontatu baitzuen Fahrenheit 451 nobelan, Gobernuak agindutako liburuak erretzen dituen Guy Montag su-hiltzailearen eskutik. Liburutegiak, liburu-dendak, humanismoaren tenplu laiko horiek... Bat ixten den aldiro —Donostiako Garoa egunotan— txingar bat piztu delako da Alexandriakoaren errautsetan.

Errepublika garaian almazen batzuk itxi zituzten Eibarren. Nagusiak, abaildu ordez, musika-banda kontratatu zuen bezeroak eskertzeko. Galdetu ziotenean nola zitekeen itxiera musikarekin ospatzea, nagusiak: lehertzekotan, musikarekin! Zarauzko Garoa bisitatzen segituko dugu adorearen musikarekin eta gogoan dugula Guy Montagek liburu bat sutatik erreskatatu zuen eguna: irakurtzen hasi izanak libratu zuen desditxatik.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA