Saioa Baleztena Rudi.
ELE

Oporrak eta zarata

2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Etxean denak lo daudela aprobetxatuz, tartea hartu dut udako azken zutabea patxadaz idazteko. Aurrekoan kazetaritzaren prekaritateaz solastatu nintzen, eta, noski, kazetaria izateaz gain, ama bazara, arrisku handiko kirolaria zara, zalantzarik gabe.

Tira, oporren azken txanpa honetan konturatu naiz zeinen zaila den, gaur egun, oporretan gaudenean ere, deskonektatzea. Kezkatzen nau honek. Uda galkorra da eta amorratzen nau sarean zenbat denbora galtzen dudan pentsatzeak.

Oporretako lehen egunetan mugitu nintzen sareetan adi egotearen presioaren eta deskonektatzeko behar sakonaren artean. Aurten, gainera, erronka bat zen niretzat. Eta erronka dela diot, aspaldiko partez nire kontutik lanean ari naizelako, autonomoa naiz, eta dena itzaltzen duen botoia sakatzeak beldurra ematen du horrela.

Orduan oroitu nituen garai bateko oporrak. Unibertsitate garaia zen, asteburuetan jatetxe batean zerbitzari gisa lan egiten nuen eta udan erredakzio desberdinetan praktikak egiten nituen. Baina, oporrak ailegatu bezain agudo, pantailaz aldatzeko gaitasuna nuen. Bat-batean. Horrela hasten zen nire deskonexio partikularraren atzera kontua, eta, noski, oporrak amaituta, nabaria zen desintoxikazioa.

Orain, dena da desberdina. Sareak gure bizitzan sartu dira, eta nik behintzat, kontzienteki gelditu behar izan ditut, arnasa hartu ahal izateko. Eta eskerrak. Haurrek argi dute, eta segapotoa eskuan hartzerako kolpe bat ematen diote, garrantzitsua denera itzultzeko eskatuz. Zarata guztia geldituta bakarrik lortu baitut familiarekin kalitatezko denbora izatea, zurrunbilorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.