Orain ez bada, noiz?

Karlos Renedo Lara eta Maialen Arregi Ganboa
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Konfinamenduak eta pandemia honek ekarri duen sistemaren beraren krisiak hankaz gora jarri du daukagun gizarte eredua, eta gure bizimodu eta balioetan eragin du zuzenean. Gure mugikortasuna mugatua izateak erabat aldatu du hiriarekiko eta kaleekiko dugun perspektiba, eta horrek aukera eskaini digu orain arte imajinatzeko zailak egiten zitzaizkigun eszenatokiak ikusteko eta hirietan normaltzat hartzen ditugun paradigma asko birpentsatzeko. Haurrek kaleak hartu dituztenean, agerian gelditu da hirietan kotxeek hartzen duten lekua, sareetan etxebizitza duinen inguruko eztabaidak zabaldu dira, agerian gelditu da mugikortasun behartuak ingurumenean eragiten duen kaltea, eta komunitatearen beharrak artikulatzeko espazioen falta ere gai nagusi bilakatu da. Eztabaidaren erdian jarri ditugu orain arte bazterrekoak izan diren gaiak, eta hirigintza arloan paradigmak aldatzeko baliatu behar dugu aukera hau. Orain da momentua hirigintza birplanteatzeko. Orain ez bada, noiz?

Jakina da espazioen antolaketak erabat baldintzatzen duela gure gizarte egituraketa, bizitegi ereduak, espazio publikoen antolaketa... Denak bizi eredu jakin bati erantzuten dio. Erosi dezagun han, har ezazu kotxea bestela ez zara iritsiko, utzi haurrak parkean seguruago daude-eta... Kapitalismo eredua erreproduzitzeko erreminta ezinbestekoa da hirigintza hegemonikoa; hirigintza ez dago merkatutik salbu. Paradigma aldatu, eta hausnartu dezagun bada zer-nolakoak izan behar duten pertsonak erdigunean jarriko dituzten hiriak, hiritar guztiak maila berean aintzat hartuko gaituzten hiri horiek. Nolakoak izango lirateke kaleak? Eguneroko ibilbideak? Nola antolatuko genituzke zaintza lanak? Bada garaia, beraz, sistema irauli eta orain arte izkina batean mantendutako diskurtso eta planteamenduak mahaigaineratzeko. Hausnarketa hau ez da berria, baina erdigunera ekarri beharra dugu. Bizitza erdigunean jartzen duen hirigintza badago, eta hori Hirigintza Feminista da. Guztiontzat irisgarria den hiri eredua da planteatzen duguna, maila sozial guztiek zerbitzuak, ekipamenduak eta abar eskura izateko eskubidea bermatuko duena. Eskubide horiek unibertsalak ez izateak berarekin dakar klaseen arteko arrakala, genero rolen araberako lan banaketen perpetuazioa eta abar luze bat. Guztiontzat jasangarria den hiri eredu bat izateko, gure oinarrizko beharrak distantzia labur batean asetzeko aukera izan behar dugu denok. Etxetik 15 minutura oinez, hezkuntza, aisia, lana... gertuko ekipamenduak behar ditugu, eskala txikikoak, auzoz auzokoak, nagusi, haur, emakume, migrante... guztiok autonomiaz eta segurtasunez egin ahal izateko zeregin horiek, elkarrekin lotutako ibilbideen bidez. Sarean pentsatu behar ditugu hiriak, gertuko sareetan.

Orain inoiz baino gehiago, hiritarren arteko arrakala ez dadin gero eta gehiago handitu, epe motzeko soluzioak behar ditugu. Hirietako kaleak oinezkotzea, mugikortasun eredua aldatzen hastea, etxebizitzetan espazio komunak integratuz publiko eta pribatuaren arteko dikotomia haustea, etxebizitza duintzeko estrategiak egikaritzea... Neurri horiek guztiak epe motzean egingarriak eta beharrezkoak dira, eta hortik abiatu beharko genuke, taktikoki jokatuz, horrelako neurriak planteatuz eta egikarituz, eta aurrera begira, etorkizuneko plangintza estrategikoetan testeatutako eta funtzionatzen duten soluzio horiek txertatuz. Bezeroak eskatzen badu, nola esango du merkatuak ezetz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.