EH Bilduko zinegotzia Donostian

Simulakro berri bat

2026ko otsailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dute latina jakingo, ados, baina simulazioen xisteratik denetarik ateratzen dute beti. David Fernandez kazetari eta lagunaren esaldi honek ederki laburbiltzen du Donostiako udal agintariek turismoaren arloan duten jokabidea. Alkate berriari ilusionista dohainak erakusteko denbora falta izan zaio eta bere azken trikimailuak Gurera du izenburua. Turismoa ulertzeko modu berri bat, autopromozioa eta branding-a erdibana nahasten dituen simulakroa.

Hamarkada batez kontrolik gabe hazi ondoren, turismoa donostiarren kezka nagusietako bat da gaur egun. Hala jasotzen du Donostiako Udaleko 2030 Estrategia Bulegoak herritarren pertzepzioari buruz egindako azken inkestak. Lehen aldiz, turismoa hiriaren arazo-erronken zerrendan sartu da, eta hirugarren postuan kokatu da, etxebizitzaren eta segurtasunaren atzetik. Egia esan, herritarrak aspalditik ari ziren beren haserrea adierazten, bai mobilizazioen bidez, bai ekimen instituzionalen bidez, bai udalak berak sustatutako beste inkesta batzuen bidez. Hala ere, hiriko gobernua osatzen duten alderdiek nahiago izan zuten entzungor egin. Ez hori bakarrik, arazoa gutxietsi, are ukatzeaz gain, iritzi kritiko oro kriminalizatzen tematu ziren, turismofobia zela esanez. Eta horretan jarraitu zuten, asto gainetik jaitsi gabe, herritarren ezinegona hauteskundeetako emaitzetan islatu zen arte bederen. Orduan hartu zuten erregulazioa banderatzat. Donostiarren gehiengoak aspalditik eskatzen zuen zerbait, ez dezagun ahaztu.

Gaur esaten digute helburua dela Donostia bizitzeko hiria izatea. Gurera-k turismoa eraldatzearen alde egiten duela, hiriaren eta bertan bizi direnen ongizateari lagun diezaion. Orduan, zertarako eta norentzat kudeatu duzue turismoa orain arte? Galdera, egokia ez ezik, nahitaezkoa ere bazen, baina baita, eta batez ere, erretorikoa ere. Izan ere, gaur egun desorekez, gentrifikazioaz edo bizigarritasun galeraz ari bagara, azken hamar urteetan aurrera eraman duten turismo politikaren ondorioa da, hain zuzen ere. Politika horrek gutxi batzuen interesa lehenetsi du interes orokorraren gainetik.

Eta hazi txarretik, uzta txarra. Gaur esaten digute turismoaren fenomenoak eragin zuzena duela etxebizitzaren esparruan, eta pozten nau horrek, atzo arte ebidentzia ukatzen zutelako. Baina autokritika egin beharrean, paparra ateratzen dute. Ostatu turistikoei dagokienez, murrizketa eta mugez, kontrol handiagoaz eta zigorrez hitz egiten dute, orain arte gogoz kontra hartu dituzten neurriak bere eginez. Eta lotsagorritu gabe egiten dute, horretarako arrazoirik falta ez bazaie ere. 2016 eta 2022 artean 10.700 ostatu-plaza berri sortu ziren, hau da, sei urtean %116,62ko hazkundea izan zen. Ez da kasualitatea, azken urteetan 55 hotel baino gehiago ireki baitira eta, gainera, 2018an etxebizitza turistikoen araua malgutu zuten egoera irregularrean zeuden ehunka pisu turistiko legeztatuz.

Orain aldarrikatzen dituzten neurri gehienak, guztiak ez esatearren, herri presioaren ondorio izan dira. Esaten da hobe dela berandu inoiz ez baino, baina ez da kasua. Izan ere, neurri asko berandu iritsi dira, kaltea eginda zegoenean eta ondorioak atzeraezinak zirenean. Horren erakusgarri, presio turistiko handiena jasaten duten auzoetan biztanleria galdu izana. Gainera, ezarri diren neurriak ez datoz bat iragarritako helburuekin, hala nola, ostatu turistikoez gainezka dauden auzoetan hotel berriak irekitzea ahalbidetuko duten salbuespenak. Beste horrenbeste esan genezake bisita gidatuen erregulazioaz edo zerga turistikoaz, Gurera-k jasotzen dituen beste bi neurri aipatzearren. Berandu iritsi dira, motz geratu dira eta ez dira nahikoak. Are gehiago, zerga ez da iritsi ere egin, eta hori 2017an iragarri zutela, Turismoaren Behatokia bezala. Ez dago ezer berririk, bilgarria izan ezik.

Ez ilusionismorik, ez magia-trukorik, ez eskapismorik. Donostia benetan hiri bizigarria izateko politika sendo eta ausartak behar dira. Eta orain behar ditugu. Mugatu egin behar da, baina baita murriztu eta des-hazi ere. Blindatu, baina baita lehengoratu eta berreskuratu ere. EH Bilduk Donostia hiri bizigarri bihurtzeko duen konpromisoa argia da, eta eskua luzatuta mantentzen dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA