martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Trumpistak Alemanian ere

2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Joera politiko eta sozial berri asko, onerako eta txarrerako, AEBetatik hedatzen dira munduko bazter ugaritara. Azken urteotan askok ondo ezagutzen dugun bat aipatzearren, trumpismoa. Herritarrek emandako botoekin hauteskundeakirabazi, eta agintean dagoen bitartean sistema politiko eta sozialean ezarrita eta adostuta dauden egiturazko beste botereei muzin eginez gobernatzen duena litzateke, definizio bat behar izanez gero, trumpista.

Aitortu behar dugu lehenagotik eduki dituztela herrialde horretan presidente pretrumpista bat baino gehiago, baina barnepolitikan barik kanpo politikan egiten zuten nahi zutena. Herrialdearen barruko politikan egon da hamarkadetan jokabide errespetuzko bat erakundeekin, hauteskundeetako emaitzekin, botereen arteko banaketarekin...

Kanpo politiketan, munduko tiranoen babesle izan dira AEBetako presidente asko, errepublikanoak batik bat. Estatu kolpeak bultzatu eta finantzatu dituzte, inbasioak egin dituzte, gerrak piztu... Herrialdearen interesen defentsaren argudio orozuritzaileak munduko jendarme ardura eman zien.

Asteon ikusi dugu Europako trumpismoaren azken atala, erabat ustekabean harrapatu gaituena. Alemanian, eskuin muturreko dozenaka lagun atxilotu dituzte, poliziaren hitzetan «estatu kolpea» emateko asmoa zeukatelako. Nonbait, iazko urtarrilean trumpistek Kongresuari egindako erasoaren ariketa mimetikoa eginez, Alemaniako legebiltzarra asaltatu eta herritarrek aukeratutako gobernua indargabetzeko asmoa zeukaten.

Egiteko asmoa zeukatenari larritasuna kendu gabe, ematen du Europako estaturik boteretsuenean estatu kolpea emateko dezente gehiago behar dela, hau da, ez dela nahikoa —Washingtonen segitzen dugu— kamuflaje arropa eta bikingoen kaskoa janztea.

Kezkagarriagoa da hainbat jende horrelako ekintzak egin litezkeela pentsatzera bultzatzen duen giroa, oinarrizko arauen haustura, jarrera horietan datzan ideologia.

Sistema pitzatzen hasita dago, eta ez dakigu nola aurre egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.