Euskaldunak: etxean arrotz dokumentalari buruzko elkarrizketa mamitsua egin zion Irati Urdalleta kazetariari BERRIAk 2025eko abenduaren 19an eta, dokumentalean kazetari lanak egin dituenari euskaldun gisa bizitzen saiatzeak sortzen dion mina erabat ulertzen dudan arren, egiten dituen baieztapen batzuekin ez nago guztiz ados eta, horregatik, elkarrizketa osoan ematen duen mezua aztertuko dut, euskaldunok Euskal Herrian euskaldun gisa bizitzeko eskubidea betetzeko hartu beharreko bidea zein den hobeto uler dezagun.
Hausnarketari hasiera emateko, euskaraz bizitzeko zailtasunak direla-eta Irati Urdalletaren sentimenduak nireak ere badirela esan nahi dut. Guztiz bat nator harekin euskaraz hitz egiten hasteagatik gure herrian behin baino gehiagotan arrotz sentitu garela. Erabateko egia da hori eta, neurri handiago edo txikiago batean, euskaldun gehienok izan dugu noizbait horrelako ezintasunen bat eguneroko bizitzan euskaraz egiten saiatu garenean. Beraz, eta Irati Urdalletak elkarrizketaren beste pasarte batean ezin hobeto adierazten duenez, euskararen aldeko hizkuntza politika sendo bat eraman behar da aurrera, euskaldunok gure herrian arrotz senti ez gaitezen eta nahi duen oro euskarara eta euskal mundura etor dadin. Euskaraz ez dakitenen errealitatea eta sentimenduak ere hartu beharko ditugu kontuan, erdaldunak, euskararen kontrako jarrerarik ez badute, ez baititugu etsaiak, baina haiek ere errespetatu beharko gaituzte euskaraz hitz egiten dugunean, Euskal Herrian euskaldun gisa bizi ahal izatea funtsezko eskubidea baitugu euskaldunok.
Irati Urdalletaren mezuarekin puntu gehienetan ados nagoela argi eta garbi adierazi ondoren, egiten dituen planteamendu batzuekin, edo erabiltzen dituen hitzekin hobeto esanda, ez naizela horrenbeste identifikatzen esan nahi dut. Elkarrizketaren bigarren galderari erantzuna ematean, honako hau, besteak beste, esaten du: «…Baina gaur egun ere badago indarkeria: lagun batekin euskaraz aritu eta beste batek kargu hartzea, tortilla pintxo bat euskaraz eskatu eta ulertu nahi ez izatea… Hori ere bada indarkeria». Irati Urdalletaren mina guztiz sentitzen dudala eta euskaraz bizitzeko duen eskubidearekin ados nagoela argi eta garbi berriro aldarrikatu ondoren, erabili dituen hitzekin, umiltasun osoz, ez duela asmatu esango nioke. Mesedez, arreta handiz joka dezagun hitz gogor batzuk erabiltzeko orduan! Egia da indarkeria hitzak esanahi bat baino gehiago duela, hitz hori erabiltzean lur labainkorrean sartzen garela eta, askotan, erredukzionismoan erortzen garela indarkeria zer den eta zer ez den definitzeko orduan baina, hori guztia egia izanda ere, Euskal Herrian, zoritxarrez, oso ondo ezagutu eta bizi izan dugu indarkeriaren errealitatea, eta denok dakigu zer den. Indarkeria dira, adibidez, Espainiako polizia indarrek gure herriaren kontra egin zutena, polizien eta guardia zibilen torturak, haur euskaldunei euskaraz egiteagatik maisu frankistek emandako jipoiak, ETAk egin zuena, bai, badakit ETAren indarkeriaren gaia askoz konplexuagoa dela, neuk ere, euskaldun guztiok bezala, maite izan nuen ETA, baina ez naiz orain gai horretan sartuko eta, edonola ere, ETAren jarduera armatua, adostasunak adostasun eta desadostasunak desadostasun, indarkeriaren kontzeptuan sartzen da. Tortilla pintxo bat euskaraz eskatu eta ulertu nahi ez izateari indarkeria deitzea, ordea, gehiegitxo iruditzen zait. Erdaldunen euskararekiko sentsibilitate falta, euskaratik eta euskal mundutik at egotearen ondorioa, euskaraz bizitzeko eskubidea dugula erdaldunek ez ulertzea, Euskal Herrian euskaldunen eta erdaldunen arteko inkomunikazioaren sintoma… izan daiteke, nire ustez, horrela jokatzea baina, zinez diot, portaera hori izendatzeko ez nuke indarkeria hitza erabiliko.
Gainera, beste ideia bat hartu behar dugu kontuan: herritar erdaldunak, askotan gure herrikide eta lagunak, ez dira inolaz ere euskararen zapalketaren eta euskararen kontra inposatu diren politiken erantzule. Egia da askotan sentsibilitatea falta izan zaiela euskaldunon errealitatea ulertzeko orduan, gurekin ez dutela adeitasun handiz jokatu, baina euskaldunok ere galdera hau egin beharko genioke geure buruari: zer egin dugu pertsona horiek gure mundura erakartzeko eta euskararen errealitatea ezagutzeko? Askotan pedagogia egokia ez dugu erabili eta ez dut uste erdaldun batzuen euskararekiko portaerari indarkeria deitzea pedagogia hori sortzeko oso lagungarri izango denik.
Bukatzeko, hau esango nuke: Irati Urdalletak elkarrizketan aldarrikatzen duen euskaraz bizitzeko eskubidearekin guztiz ados nago. Euskaldunak gara, gure herrian behin baino gehiago arrotz izatearen sentimendua izan dugu eta, euskarak historian zehar pairatu duen menderakuntzari aurre egiteko, beste hizkuntz politika batzuk behar ditugu, erdaldunen kontra inolaz ere joan gabe euskaldunon euskaraz bizitzeko eskubidea praktikan gauza dadin. Horrek, ordea, era pedagogikoan jokatzea eskatzen digu, euskaratik eta euskal mundutik at bizi diren pertsona horiek gure errealitatera erakarri nahi baditugu.