Vicent Partal.
Enbaxada bila

Zorionak '.eus'-engatik

2013ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Espero dut garaipen garrantzitsua izatea honako hau euskal nazioarentzat, bere garaian —2006az ari naiz— .cat lortzea nazio katalanarentzat izan bestekoa. Normaltasun eremu eskerga duzue, aurrez aurre, .eus fundaziokoen nekaezintasunari, eta Iratxeri eta hainbeste urtean gogotik lan egin duen lantalde osoari esker. Niretzat —.cat abiarazi zutenen taldean aritu bainintzen Amadeu Abrilekin batean—, poz handia da ikustea gure herriari ez ezik zuenari ere bidea ireki diola ordu hartan zabaldu genuen ateak.

Marka bat da Interneteko domeinu bat. Bandera bat, nolabait. Bandera bat oso ikusgarria, hemendik urte batzuk barru Donostian, Iruñean edo Hendaian barrena ibiliko den edonori begietara agertuko baitzaio kartel soil batean, .eus dioen Interneteko helbidea. Interneteko domeinuak, bada, nazioaren geografia zedarritzen du. Malmotik barrena zabiltzala, .se ikusten da; Tallindik barrena, .ee; Erromatik barrena, .it. Gure Europa homegeneizatuan, adierazle gutxi batzuk baino ez ditugu bereizgarri begien bistara. Dendak berberak dira ia-ia, produktu guztiak antzekoak, eta autoak berdinak dira. Xehetasun txiki batzuek bereizten dituzte, esaterako, Bilbo eta Manchester; eta xehetasun horietako bat da, ezinbestean, Interneteko domeinu nonahikoa.

Egia esateko, aro berri batean sartzen ari da Internet, eta ehunka domeinu agertuko dira. Egia esateko, aurrerantzean gero eta zailagoa izango da puntuzko oihan horretan zerbait nabarmentzea. Baina .eus domeinuari esker, euskal kultur komunitate nazionalak lanabes ezinbesteko bat du esku artean. Lanabes halakoen garrantzia, baina, gehiago balioesten da halakorik izan ezean zer gertatzen den ikusita, halakorik izanda normal bizi garenean baino.

Alde horretatik, beti pentsatu izan dut .cat-en garaipenak hegoak eman zizkiola, nolabait, sentimendu independista katalanari. Espero dut historia berritu egingo dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.