Bermeoko Alkartasuna dantza taldean 2026a urte berezia izaten ari da. Arrazoia, aurten 50 urte betetzen direla taldea dantzan hasi zenetik. Guztia Bermeoko Institutuan hasi zen 1976. urtean, hamasei urteko zortzi gazte dantzan hasi ginenean. Harrezkero katea ez da apurtu, eta aurten urrezko ezteiak ospatzen ari da taldea. Txalogarria benetan.
Uztailaren 11n frontoian antolatutako ekitaldian, hasierako zortzi gazte haietatik lauk hartu genuen parte gure onena emanez ilusio eta urduritasun nahaste bategaz (nire partetik behintzat). Ekitaldia ederra izan zan zinez, eta dantzen arteko tarteetan bururatu zitzaidan urteak egunetara pasatzea. Biderketa sinple baten bitartez, 50 urte 18.250 egun bihurtu ziren.
Urteak egunetara pasatuta irudikatu nuen urteurren honen benetako dimentsioa, 50 urtean egunero egindako lanaren emaitza ikusi nuelako frontoian. Egunero lan eginda baino ezin da 18.250 zenbakira heldu, pausoz pauso edo, hobeto esanda, dantzaz dantza. Horrela jarraituz gero, etorkizunean jende askok ikusiko ditu talde honen 36.500 egunak.
Ekitaldia amaitu ondoren, portutik bueltan etxera joan nintzen nire familiagaz batera. Harrotasun puntu txiki bategaz oheratu nintzen. Txikia diot, hasierako egun gutxi batzuetan baino ez nintzelako taldearen parte izan. Baina txikia izanda ere, aurreko egunetan baino hobeto egin nuen lo. Ez nuen beharrik izan ardiak zenbatzen hasteko.