Pasai Antxo

Agur, Babacar

Amaia Agirregabiria Alberdi
2026ko urriaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Horrela ezagutu nuen duela hamar urte pasatxo. Bere rasta luzeak reggae soinuaren erritmora astinduz. Tipo handia, bai gorputzez, bai bihotzez. Xelebrea, askotan. Senegaletik etorria zen, maitasunaren atzetik, etengabe maitemintzen diren horietakoa. Lana bilatu eta emakume euskaldun batekin seme-alaba asko izan nahi zituena. Ederrak eztabaidak genituenak horren harira. 

Espetxe baimen baten bueltan, Martutenera eramatea egokitu zitzaidan. Aurretik gosaltzera joan ginen Kolon pasealekura. «Baina ez al zaude ramadanean?» galdetu nion, eta baietz erantzun zidan, baina gero berak Alarekin egiten zituela kontuak. Maite zuen mendian ibiltzea, Aiako Harrian gora eta behera ibili ginen zenbaitzuetan. Txirrita euskaltegian ere izena eman zuen, beste jatorri batzuetako herritarrentzat antolatutako euskara ikastaro batean. Handik urte batzuetara, nire espetxeratzearen bezperan herrian egin zidaten agurrean ikusi nuen, jada txima luzeak galduta.

Babacar ez du tiro batek hil. Aspaldian bereak egin zuen. Etorkizun hobeago baten bila etorri, kalea-espetxea-kontsumoa biribilgunetik ezin atera, eta buruko osasun gaitza topatu zuen, beste askok bezala. Ez da lehenengoa izan, ez azkena ere, zoritxarrez.

Hortik, bi hausnarketa. Ez al da nahiko agerikoa sistema integratzailea izan beharrean asistentzialista hutsa dugula? Gure instituzioen bezeroa zen aspalditik. Jotzen gaituen gaitzaren sintoma besterik ez.

Bigarrenik, aurrean dugun polizia ereduarena. Batzuk, pozik, labana duen gizon beltz gaiztoarengandik libratu gaituelako. Beste batzuentzat, kezka eta beldurra, osasun mentalaren gaitzen krisialdien aurrean polizian ohikoa bihurtzen ari den esku-hartze koldar eta hiltzaileaz kezkati.

Agur, Babacar, everything’s gonna be alright.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA