Rober Gutierrez.
ZUZENDARIARI

Aldeko haizea

2023ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Euskararen erabilera areagotzeko lan handia egiten ari diren hiru entitatek jaso dute aurtengo Bai Euskarari saria. Askotan haizea kontra izanda ere, beldurrik gabe eta ausardiaz, beren egunerokoan euskara txertatzen ari diren hiru erakundek, inguruan eragiten dutenek, kontra etor litekeen haizea, aldeko bihurtzeraino.

Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzen dutenek apustu bat egiten dute; haien lanaren bidez, harago joatea erabaki dute, euskaraz lan egin eta eroso bizi ahal izateko. Urtez urte urratsak egiteko konpromisoa hartzen dute, euskarari espazio berriak irekitzeko gogoarekin, eta beharbada ohituraz erdaldunagoak diren eremuetan euskarari merezi duen tokia ere ematen diote, adorez.

Eraldaketa sakona bizi dugu gizarte mailan, eta horren aurrean euskaraz aritzeari eta euskarari tokia bermatzeari eta zabaltzeari garrantzia ematen dioten entitateak saritu ditu aurten Bai Euskarari Elkarteak. Globalizazioaren aurrean tokikoari balioa ematearen eta hori zaintzearen alde kementsu egin dutenak, digitalizazioaren esparruan euskarari merezi duen tokia emateko gogoa erakutsi dutenak, atzerriko hizkuntzen eta anglizismoen erabilera masiboaren aurrean, euskararekin jolastuz hizkuntzari ikusgarritasuna eman diotenak...

Aurten hiru hauek jaso dute saria: Errigora, Hupi eta Sorland. Auzolana lanabes duen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroako hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den ingurunean eragin nahi du, eremu horretan berezkoak diren elikagaiei Euskal Herri osoan bidea emanez. Herriak herriari egindako sekulako oparia da, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Hupi adimen artifizialean espezializatutako enpresa da, Bidarten eta Donostian egoitza duena. Lurraldea saretzen saiatzen dira, euskararen bidez.

AbadiƱon eta Zarautzen kokatua, Sorland komunikazio agentziak marken eragina handitzen edo hobetzen laguntzen du. Argi dute produktu edo marka bati ikusgarritasuna emateko ezinbestekoa dela euskara baliatzea. Erosle potentzialari berea den hizkuntzan hitz egiten bazaio, emaitzak askoz hobeak izaten dira.

Gu guztion aintzatespena merezi dute, hiru sarituek ez ezik, euskara kudeatzen ari diren gainerako enpresek ere, euskaraz eroso aritzeko aukera errazten ari baitira. Inbertsio handia egiten ari gara, gizarte bezala, gure gazteak euskaraz trebatzeko eta lurralde honen etorkizuna euskaraz ere izateko... Belaunaldi aldaketa dator, baina gehien-gehienak erdaraz ari dira lanean eta komeni da enpresek, administrazioek eta bestelako erakundeek beste modu batez erantzutea gizarte-erronka honi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.