Nafarroako Administrazioan Euskaraz Taldeko kidea

Aldi baterako kontratazioetan profil elebidunik ez

Joseba Otano Villanueva
2025eko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arrotxapeko osasun etxean ez dago pediatra euskaldunik. Arrotxapeko Euskara Taldeak galdetuta, Osasunbideak hau erantzun zuen:

«2025eko apirilaren 24an, ez dago pediatra euskaldunik; euskaldunak dira, ordea, pediatriako erizain bat, familiako mediku bat eta helduen erizain bat». Ez zuen zehaztu langile euskaldunak kasualitatez dauden hor, edo profil elebidunak izatearen ondorioz.

Hori bai, adierazi zuen euskarazko profila duten plazak langile euskaldunekin betetzen direla, soilik, behin betiko betetzen direnean. Erantzun zuen, ordea, aldi baterako kontratazioetarako ez dutela zertan eskatu profil elebiduna.

AETk, 2025eko ekainaren 10ean, eskatu zuen pediatra lanpostuari euskara/gaztelania profil elebiduna jartzea, bai eta lanpostua modu finkoan betetzeko deialdia egitea ere.

2025eko uztailaren 23an, Osasunbideak aurreko erantzun bera eman zuen: aldi baterako kontratazioetarako ez dutela zertan eskatu profil elebiduna.

Osasunbidearen politika, beraz, haiek aitortuta, hauxe da: aldi baterako kontratazioetan ez dagoela profil elebidunik, gaztelaniazko profila besterik ez dagoela.

Egonkortze prozesuaren ondorioz, Osasunbidean behin-behinekotasuna soilik % 13,09 den arren (Nafarroako Gobernuaren datuak), ez-betetze hori larria da, prekaritate handiagoko garaiak izan direlako eta izanen direlako, eta profil elebiduneko lanpostu gehien-gehienak eremu euskaldunean daudelako, hots, euskaldunen dentsitate handiena duten tokietan.

Irizpide hori Osasunbideak soilik erabiltzen al du? Ala orokorra da Nafarroako Gobernuan? Beste Departamentuetan behin-behinekotasun tasa handiagoa da. %19ko tasa gainditzen dute 11 departamentuk (Nafarroako Gobernuaren datuak dira, Parlamentuan emandakoak).

Aldi baterako kontratazioetan lanpostuen profil elebidunak ez errespetatzea ilegala da, eta euskaldunoi eta antolatutako sistemari barre egitea besterik ez da. Baina zer-nolako Gobernu euskarafoboa dugun!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.