Arrasate

Animalienganako tratu txarrik gabeko jaiak, noizko?

Yolanda Jimenez Sudupe
2025eko ekainaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Denok ezagutzen dugu Espainiako estatu mailan zezenekiko dagoen zaletasuna; zaletasun sadikoa. Zezena Espainiako ikurra dela diote, eta haren inguruan egiten diren ikuskizun asko, kultura ondare moduan izendatzen dituzte. Zezenzaleek hainbeste maite duten animalia zintzo hori, gupidarik gabe modurik krudelenetan torturatu izan dute herrietako jaietan, eta, gaur egun oraindik ere, errukirik gabe zigortzen dute. 

Sekulako eraso gogorretan oinarritutako jai ospetsu batzuk ezagunak dira Espainiako animalien aurkako tratu txarren ikono nagusi gisa: Tordesillasko Torneo del toro de la Vega, Coriako San Joan jaietako entzierroa, Medinaceliko Toro Jubilo-a... 

Gure herrialdeko beste ikuskizun batzuk normalizatuagoak ditugun arren, animaliek jasotzen duten tratu bihozgabearengatik ere eztabaida sortzen dute: Valentziako Erkidegoko eta Kataluniako herri batzuetako Bous a la Mar, benetako animaliekin egiten diren zezensuzkoak; eta gure egunerokoan onartuak ditugun sokamutur, entzierro eta korridak. 

Nahiz eta, orokorrean, Euskal Herrian ospatzen diren jaietan bortizkeria ez den hain maila krudeletara iristen, euskaldunon artean ere animaliekiko tratu txarretan ez gara atzean gelditzen. Animaliak gogaitzeko obsesio itzela daukagu; eta guk ondo pasatzeko, haiek tratu txarrak jasotzen dituzte. Ospakizun hauetan, animaliaren sufrimendua da dibertigarria iruditzen zaiguna. 

Jai batzordeek urtero proposatzen dituzte horrelako ikuskizun ankerrak. Aurreko urteetako egitarauetatik moztu eta pegatu bat egiten dutela dirudi, bultzatzen dituzten balio kultural eta emozionalen benetako baloraziorik egin gabe.

Onartezina da urtero gure udaletako kultura sailek animalienganako errespetu, enpatia eta sentsibilitate faltan oinarritutako ekimenak antolatzea. Nahiz eta animalia hauek babesik gabe uzten dituen legeak xedatzen duena bete, zezenekin egiten diren ikuskizunak etikoki defendaezinak dira. Izaki baten sufrimendua ezingo da inoiz tradizioarekin justifikatu. Ohituraren argudioa ezin da kritikotasunaren eta arrazionaltasunaren gainetik egon. 

Gogora dezagun esklabotza legala izan zela; eta Afrikako herrialde batzuetako ohitura bat neskei klitoria moztea dela. 

Zezenak, behiak, bigantxak... zelaietan taldean bizi diren animalia lasaiak dira, arriskuaren aurrean ihes egiteko joera dutenak. Ez dute inor hiltzen, ezta elikagaia lortzeko ere; belarjaleak dira. Taldetik banatzen dituztenean, beldurtu egiten dira. Erori edo irristatzeko arriskua sentitzen dutenean, larritu egiten dira. Oihuekin estresatu egiten dira. Zezen batek adarka egiten badu, jendea jarraitzen, inguratzen, jazartzen, gogaitzen, zirikatzen, amorrarazten... aritzen delako egiten du; non gorde eta ihesbiderik ez duen esparru itxi eta zaratatsu batean ikaratuta dago eta. 

Animaliek ez dituzte gure hitzak erabiltzen komunikatzeko, baina erreakzioak behatuz, agerian uzten dute azkenean zientziak frogatu duena begi bistakoa dela; animaliek sentitu egiten dutela, sentitu eta sufritu. 

Noiz hasiko dira gure politikariak animaliak errespetatzen? Zergatik jarraitzen dute animalienganako tratu txarrak sustatzen? Jakinda besteenganako enpatia haurtzarotik nerabezarora eraikitzen dela, zergatik jarraitzen dute gazteengan errespetu, enpatia eta sentsibilitate faltan oinarritutako ekimenak antolatzen? 

Zezenekin antolatzen dituzten ikuskizunetan, herritarren artean besteenganako indarkeria normalizatu eta bultzatzen dute. Animalia bati jazartzea koldarra izatea da, zitala eta gaiztoa. Izaki bat gogaitzea ezin da gure gazteen artean ausarkeria moduan saldu, gizatxarra izatea da. 

Argitaratzen dituzten jai egitarauetan, alkatearen agurrak arduraz eta errespetuz jokatzeko eskatzen dio herritarrari. Eraso, jarrera edo diskriminazio sexista, xenofobo, matxista eta LGTBIfobiarik gabeko jaiak eskatzen dituzte. Edozein indarkeria mota erabat baztertzen dutela diote. Mesedez, izan daitezela esaten duten horren eredu, eta herriko jaietan ez ditzatela animalienganako errespetu faltan oinarritutako ekitaldiak antolatu, ez baitaukate argumentu etikorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.