Maiatzean hasitako lehortearen ondoren hainbat eta hainbat erreakzio egon dira; horien artean, Eusko Jaurlaritzak bere eskumenekoak diren zenbait eraikinetan aire girotua jartzeko milioika euroko partidak martxan jartzen dituela entzun dugu, baita Donostian, Amara aldean, egingo dituzten etxe berriek alboan basoa izango dutela ere.
Eta Aralarren? Bertan itzulitxo bat egitea nahikoa da uda ondoren mendia nola geratu den ikusteko. Ilargia ematen du. Harri eta harkaitzak begi bistan daude, inoiz baino gehiago. Egoera hau ganadu larria ibiltzen den lekuetan bikoiztu egiten da, lurrazaleko erosioa nabarmena da. Bestalde, abere askok mendiaren alboko basoetan hartu dute arnasa, azken urteekin alderatuta, nabarmena eta kuriosoa izan da itxita zeuden txoko hauek izan duten arindua.
Albistegietan beren abereen sabelaren neurria zaintzen duten ganaduzaleen kexak entzun ditugu, ez dugu mendia bera ardatz-subjektu hartuz inoren aipamenik entzun.
Urteetan aurrera joandako zaharrenek dioten moduan, ezagutu gabeko egoeran dago Aralar, baimentzen den ganadu larri kopuruak zerikusi zuzena du, eta beharrezkoa da kopuru hori jaistea. Bestetik, goi eremuetan larreak larre izanda, arkaitzak eta harriak nagusituta dauden zonetan zuhaitz landaketak egitea eta basoak sortzea beharrezkoa da bai mendiarentzat baita bertan ibiliko diren abereentzat ere.
Zona naturalean interes ekonomikoak tartean sartzen direnean antzeko erabakiak hartzeko ez-gaitasuna erakusten duten agintariak dauzkagu, baina Aralarren etorkizuna da jokoan dagoena.