Biurrun

Autobus zerbitzua ikastetxera joateko... fundamentuzkoa!

Ana Flamarique Goñi
2026ko irailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasturteari hasiera ematen zaion unean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentutik esaten zaigu gure alaba (gure autoan) etxetik lau kilometrora dagoen autobus geltokiraino eraman behar dugula, institutuan ikasten jarraitu nahi badu. Gure alaba Batxilergoko 1. mailan hasi da ikastetxe publiko batean, D ereduan. Arte Batxilergoa euskaraz eskaintzen duen institutu bakarrean. Alegia, Iturrama Institutuan.

Herri batean bizi gara, Biurrunen, landa-ingurune batean, eta, jakina denez, bertan bizitzeko eskubidea dugu. Hala ere, egunerokoa aurrera eramateko «ezinbestekoa» den garraio publiko duina eta doakoa ukatzen zaigu. «Landa inguruneen despopulazioaz» hainbeste hitz egiten den garai hauetan, benetan herrietan bizitza erraztearen aldeko politika egin nahi badute, behar-beharrezkoa da, besteak beste, herri txikietako jendearentzako garraio publiko erreala bermatzea, bestela kea saltzen ariko direlako...

Landa-inguruneak hiriburuarekin lotzen dituen hurbileko garraioa ezinbestekoa da. Hala ere, aurten ere, Hezkuntza Departamentuak erabaki du ikasleak Iturrama Institutura eramaten dituen eskola-autobusak (Erriberritik, Tafallatik, etab.) N-121 errepidea baino ezin duela zeharkatu. Hau da, errepide horren alboetan bizi diren gazteen familiek (istripu-tasa altua duen errepidea, autoen zirkulazio handia ordu kritikoetan, bolumen handiko kamioiak...) seme-alabak hurbildu behar dituzte, beren kabuz eta baliabideak jarriz, Hezkuntzatik erabaki eta proposatu diren geltokietara. Berdin dio non lan egiten duten gazte horien gurasoek, zer ordutegi duten, zailtasunak dituzten geltokiraino eramateko... erabakia hartuta dago eta ez du atzera-bueltarik. Ederki!

Egoera are bitxiagoa da ikusten dugunean autobus batzuk goizeko lehen orduan herrira bertara iristen direla, eskola adinean dauden haurrak hartu eta beren eskoletara eramaten dituztela. Bueltako bidaian berdin, etxeraino bertaraino iristen baita autobusa. Bejondeiela. Hara!

Eta gure seme-alabak ez? D ereduan ikasten dutelako da? Gure seme-alabak bigarren mailakoak dira? Zergatik mugitu behar dira gure seme-alabak beste herri batera autobusa hartzera? Ikasturtea hasi da eta Hezkuntza Departamentuari familientzako garraio zerbitzu egokia eta duina eskatu nahi diogu. Une egokia da zuzentzeko. Ohar honen bidez, hartutako erabakia berriz aztertzeko, eskola-ibilbideak berrikusteko eta herrietan bizi diren familien beharrak asetzeko irtenbideak bilatzeko eskatzen dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA