Arrotxapeko Patxi Larrainzar eskola publikoko guraso elkartetik, urtez urte pairatzen dugun arazo baten berri eman nahi dugu. Arrotxapeak, Iruñeko auzorik populatuena eta dentsitaterik handienekoa baita —27.000 biztanle inguru 1,3 kilometro koadroko eremuan—, defizit kronikoa du azpiegitura publikoei dagokienez, eta, gure kasuan, auzoko udal kiroldegia erabiltzeko zailtasunetan agertzen da, gure eskolatik metro gutxira dagoena.
Patxi Larrainzar ikastetxeak ez du kiroldegi propiorik, eta horrek asko mugatzen du kirol jarduerak baldintza duin eta seguruetan egiteko aukera. Gure eskolak beti erabili izan du auzoko kiroldegia, bai Gorputz Hezkuntza ikasgairako, bai eskolaz kanpoko hainbat jardueratarako. Hala ere, azken hauendako, urtero esperoan egon eta borrokan ibili behar izaten dugu gure seme-alaben beharretara egokitutako ordutegia lortzeko.
Gure ustez, udal kiroldegiko arratsaldeko ordutegien planifikazio eskasa dago, eta horrek eragiten du, adibidez, aurreko ikasturtean eskolaz kanpoko ekintzetarako orduak irailean ematea, ikasturtea hasi ondoren. Eta badirudi 2025-2026 ikasturterako bide beretik goazela, gure eskaerari erantzun baitiote «ekainean edo uztailean, denbora ematen badigu» jakinaraziko dizkigutela emandako orduak. Gauden datak ikusita, iazko ikasturteko egoera errepikatuko den beldur gara.
Informazio falta horrek ondorio zuzen eta negatiboak ditu familiendako, eskolaz kanpoko jarduerak garaiz prestatu behar baitira. Egun eta ordutegi erabilgarriak zein diren jakin gabe, familiek azken ordura arte itxaron behar izaten dute erabakiak hartzeko, eta horrek izugarri zailtzen du kontziliazioa. Eta horrek kalte egiten die gure eskolako eskolaz kanpoko jarduerei, izan ere, familia batzuk bertze erakunde batzuetara joaten dira, maiatzean edo ekainean ordutegiak ziurtatzen baitizkiete.
Anitz gara Arrotxapean dagoen udal kiroldegi bakarra erabiltzen dugun kolektiboak. Eta kontua da datorren ikasturtean CD Rotxapeak ere erabiltzen hastea aurreikusten duela; beraz, ordutegien erabilgarritasuna are gehiago murriztuko da.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu eskola publikoetako kirol instalazioak hobetzeko finantzaketa erraztu dezala eta auzoan bigarren kiroldegi publiko bat eraikitzeko baldintzak sor ditzala; eta Iruñeko Udalari eskatzen diogu behar diren neurriak har ditzala dagoen kiroldegiko ordutegien plangintza eta argitalpena hobetzeko, ekainean eskuragarri egon daitezen, eta eskola publikoetako eskolaz kanpoko jarduera guztietarako ordutegi eta espazio publiko egokiak berma ditzan.