Haserrea nagusitu da medikuen artean. Bokazioz eta ilusioz abiatutako aldartea zapuztu dute Osasunbideak eta Osakidetzak, eta bertako langile asko estatu mailako mobilizazioetara lotu dira. Haserrea greba bilakatu da espainiar estatuan. Ez gara medikuak administrazioen tratu txarra jasan dugun osasun profesional bakarrak, inondik inora ere, baina oraingoan medikuen kolektiboa da mobilizatuta dagoena. Hamazazpi urte daramatza Osakidetzak langileon akordioa berritu gabe. Hala ere, mobilizazio eta negoziazioak Madrilgo Osasun Ministerioari begirakoak dira, estatutupeko langileen lan baldintzak direla eta medikuek estatutu marko propio bat izan dezaten.
Medikuok baditugu gure kategoriari nagusiki eragiten dioten berezitasunak. Gure ohiko lanaldiari azpiordainduta dauden eta jubilaziorako kontuan hartzen ez diren guardia orduak gehitu behar zaizkio. Lankideren batek baja hartuz gero, ordezkatzen ez denez, bere lana gainerakoek egin ohi dugu. Beste baldintza batzuk, aldiz, kategoria guztiek pairatzen ditugu: kontratazio ezegonkorra (medikuak falta direla esaten duten arren), oposizio sistema zentzugabea, asteburuetan eta jaiegunetan lan egin beharra, administrazioak lanorduen barruan eskainitako prestakuntza eskasa, euskara eta berdintasun planen garapen eskasa, familia-bizitza eta lan-bizitza uztartzeko zailtasunak eta beste hainbeste.
Madrilen, Osasun Ministerioa, estatu mailako eragile desberdinekin, osasun sistema publiko espainiar nazionalaren baitan bilduta dauden osasun zerbitzuetako estatutupeko langileen lan baldintzen oinarri arautzaileak negoziatzen ari da. Negoziazio honek lege izaera izango duen akordioa du helburu. Negoziazio mahai horretan, ordea, medikuok ez dugu botorik eta, ondorioz, gure iritzia ez dago nahikoa ordezkatua.
Bestalde, eztabaida marko horretan negoziatzen diren alor asko transferituta daudenez, gure eskuduntza diren alorrak ukitzen dira dagokigun erabaki ahalmenaren eta burujabetzaren urraketan sakonduz. Eztabaidarako gure esparruei bizkarra ematen zaie.
Gauzak horrela, eta herri bezala dagokigun erabaki ahalmenaren defentsatik eta herri burujabearen eraikuntzan sinetsita, argi dugu eguneroko eskuduntza materiala eta efektiboa defendatu eta garatu behar dugula. Bada garaia Madrilen kokatutako negoziazio eztabaida markoa gurera ekartzeko, gure eskuduntzetatik ekiteko eta herri honetako eragile politiko eta klase sindikatuak interpelatzeko.
Gure bideari ekiteko asmoarekin, EAEko esparru estatutu propio berezituaren manifestu zirriborro bat ondu dugu. Bertan, osasun sistema publikoa eta biztanleak erdigunean jarrita, profesional guztien lan baldintzak hobetzea bilatzen duten neurriak jasotzen dira. Aldarrikapena mahaigaineratzea eta eztabaida markoa gurera ekartzea da gure asmoa.
Hurrengo egunetan, medikuen artean proposamena zabalduko dugu eta denen artean hausnartu ondoren eragile politikoekin eta klase sindikatuekin kontrastatuko dugu.