Zuzendariari

'Biktimak aitortzeko' ekitaldia eta Jaurlaritza

Mikel Salegiren arreba.
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Ekainaren 27an, EITBko albistegian entzun nuen Jaurlaritzak eguerdian polizia gehiegikerien biktimak «aitortzeko ekitaldi bat» egin zuela, eta Por quién no doblan las campanas dokumentalaren laburpen bat eman zutela, non estatuko segurtasun indarren biktima batzuen testigantzak jasotzen baitira.

Hori harridura, ez dokumentalagatik, ETB2n askotan iragarria, baizik eta «aitortza ekitaldiak» ez zuelako propagandarik izan. Bereizketa deigarria, kontatu dituzten biktima guztiei ere ez baitiete ekitaldi horren berri eman.

Batere harritu ez ninduena, Idoia Mendia Justizia sailburua izan zen, biktimen inguruko izen traketseko dekretu hori aurkeztu zuenean esandakoarekin bat egin baitzuen.

Orduan egunkarietara bidalitako gutunean hala nioen: «Dena den, zerbaitetan arrazoia ematen diot Mendia andereari, eta PSOEren Jaurlaritzari: nire neba Mikel Salegi, Guardia Zibilak errepide kontrol batean eraila, inoiz ez da Meliton Manzanas torturatzailearen berdina edo parekidea izango, errepresio frankistaren sinbolo eta biktima gisa aitortua izan dena».

Gaur, berriro, estatuko segurtasun indarren biktimei aitortza egin ordez, umiliatzen ari direla sentitzen dut, bigarren mailakotzat aurkeztuz, «albo-biktimak» direla esanez...

Mendia anderea, pertsona horien tortura edo heriotza ez dira bereizitako historiak, Espainiako estatuaren egiturazko indarkeria jarraituan sartzen dira. Eta nire anaia ez zen «kontrol bateko nahastean» hil. Ez ziren nahastu, hil egin nahi zuten. Eta hil zuten, beste askotan bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.