Bilbo

Bilbon euskara jira eta Bira

Julen Orbea Bereikua
2025eko ekainaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu dituztela.

Bilboko Udalak hartutako neurriak eztabaidagai bihurtu dira hiriko euskaltzaleon artean: euskaraz idatzitako auzo aldizkarien egoera, auzoetako jaietako laguntzen murrizketa, Azkuna zentroaren pribatizazioaren norabidea, 2024ko azaroan Euskararen Ordenantza berri baten proposamenari emandako ezezkoa... epe laburrean gertatutakoak dira guztiak, baina norabide berean doazenak: kultur ondarearen merkantilizazioa, euskarazko eta herritik sortutako kulturaren ahultzea, lau urteko planaz harago estrategia bateratu falta… Udal gobernu honek badaki zer itxura eman nahi dion euskarari: Basque Fest. Postaletan agertzen den euskara, show bihurtutakoa. Erakusteko, baina ez bizitzeko. Egiten ari den folklorizazio horrek, ordea, ez du elikatzen euskararen benetako erabilera. Horrek ez du laguntzen gazte batek bere lehen poesia bilduma euskaraz argitaratzeko bidea aurkitu dezan. Ezta auzoko plaza batean euskarazko sormen adierazpenak antolatzeko aukera eduki dezan edo ekimen herritarretik jaiotako guneen sustapena.

Horren adibide garbia da Bira kulturgunea. Herritik sortutako proiektua, komunitate baten ahaleginarekin eraikia. 2016tik hona, 285.000 euroko ekarpena egin dute birakideek, eta urtean 45.000 euro inguruko aurrekontu xumearekin aritu dira. Iaz, 303 egunetan 290 kultur ekitaldi antolatu zituzten: literatura, filosofia, bertsolaritza, musika, gazteentzako programazioa... Eta hori guztia euskaraz, herrigintzatik eta profesionaltasunez. Baina 2024ko eta 2025eko udalaren diru laguntzak nabarmen jaitsi dira. Eta datorren ikasturtean ezin izango diote eutsi orain arteko programazioari. Egitura profesionala desagertu egingo da, eta militantziatik soilik jardun beharko dute. Bira, de facto, desagertzera doa gaur egun ezagutzen dugun moduan. Uda hasierarako notizia latza.

Bitartean, Bilboko Udalak Azkuna zentroaren kudeaketa are gehiago pribatizatzen jarraituko du, tokiko sortzaileentzat gero eta zailagoa izanik hirian lekua aurkitzea. Euskara eta auzoetako kultur adierazpenak baztertuta geratzen ari dira, espazio horiek ez direlako errentagarriak. Euskara gero eta gehiago bultzatzen da ekitaldi puntualetako minimoetan, baina gero eta gutxiago egunerokoan. Soilik etekin ekonomikoari begira hartzen dira erabakiak.

Aspaldiko kontua da. Bilbok ez du Euskara Ordenantza eguneraturik 1997az geroztik. Kasualitatez, Guggenheim inauguratu zenetik. 28 urte dira. Eta, ordenantza sendorik gabe, ezinezkoa da paisaia linguistikoa arautu eta euskalduntzea, eta euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko atzera ezinezko neurriak bermatzea, kultur bekak, euskaltegien sareen sostengurako plan bat marraztea, kirola, lana, aisialdia, merkataritza… erdalduntze makineriari aurre egiteko oinarri bat jartzea.

Nola eraiki nahi dugu Bilbo euskalduna, baldin eta euskarazko kultura sortzeko egiturak desagertzen badira? Ez da nahikoa Euskaraz bizi nahi dugu esaldia lelo bihurtzea: erabakietan islatu behar da. Eta, egun, erabakiak ez doaz bide horretatik. Euskarak ez du berezko sailik, ez du Euskara zinegotzirik Bilbon; Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaiak aterpean estalia ageri da gure hizkuntza. Hor ere zokoratua.

Euskararen presentzia eta prestigioa auzoetan, gazteen artean, sorkuntzan eta plazetan bermatu nahi badugu, ezinbestekoa da udal aurrekontuetan euskarazko kulturari lehentasunezko lekua ematea. Ezin dugu onartu herritik sortutako egitasmoak itotzen diren bitartean erakusleihoetarako Basque experience ikusgarriak lehenestea.

Bilboko Udalak ez, baina euskaltzaleok, kultur sormena eta euskarazko programazio itzela dituen Bira kulturguneak aurrera egin dezan, Euskaltzale bat, euro bat kanpainatxo bat, arnasgune bat babesteko?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.