Ekainaren 14an, larunbatarekin, CAFeko akziodunen urteko batzar nagusia izango da. Bertan, kontseilari ordezkariak ziurrenik berriro ere harro azalduko ditu taldeak kudeatzen dituen datu ekonomiko puztuak, eta enpresaren hedapen eta dibertsifikazio estrategia berretsiko du, beste hainbat gairen artean. Beste kontu batzuk ez dira, ordea, inolaz ere jorratuko.
Langileok, akzioen %24 inguru izanda ere, ez dugu ez ahotsik ez botorik akziodunen batzar horretan, ezta beste inolako erabaki forotan ere; horregatik, ez dugu inolako gaitasunik zuzenean enpresaren norabidean eragiteko. Horrela, azken zortzi urteetan 200 milioi euro inguruko dibidendua banatu dute; filial eta azpikontratetan prekaritate politika zabaldu dute; eta CAF Jerusalemgo kolono tranbian sartu dute, langileon (akziodun nagusien) iritzia kontuan hartu gabe.
Gaur egun, CAF taldeak Euskal Herrian bakarrik hogei enpresa inguru eta 5.000 langile baino gehiago ditu zuzenean lanean (eta ehunka lanpostu enpresa auxiliarretan). Errealitate desberdinak eta lan baldintza oso ezberdinak zuzendaritza honen politikaren ondorio dira.
2024an goi zuzendaritzako zortzi kideren artean 2,8 milioi euro banatu zituzten. Taldeko hainbat filialetan, langileek ez dute hileko 1.300 euro irabazten, eta urtean 1.700 ordu baino gehiagoko lanaldiak dituzte.
Bien bitartean, CAF barruan, Europako enpresa batzorde berria osatzeko prozesuak aurrera jarraitzen du. Taldearen barruko esperientziak partekatzeko eta askotariko errealitateen berri jakiteko foro interesgarria izan daiteke. Hala ere, Euskal Herriko langileon ordezkaritza ez dago bermatuta, CCOOk euskal langileak subjektu propio gisa parte hartzea ukatzen jarraitzen duelako. Sindikatu horrek, bere interesen neurrira egindako txiringito berri bat apaintzeko, ez dagokion ordezkaritza bereganatu nahi du. Ezer berririk ez.
Batzuen irabazi gosearen gainetik eta zenbait sindikaturen interes propioak gaindituz, langileek ulertu dute LABekin antolatzea benetako hobekuntzak lortzeko bidea dela. Horrela, dagoeneko lehen sindikatua gara ordezkari kopuruan eta alde handiz langile gehien ordezkatzen duen sindikatua CAF taldearen barruan.
Laster hasiko da CAF S.A.ko lantokietan negoziazio kolektiborako prozesua. Taldeko beste enpresa batzuek, hala nola Ttrenasa, Rail Line edo CAF Power, hainbat borroka garatu dituzte beren baldintzak hobetzeko. CAF Signalling-en edo Geminys-en lantokietan langileen ordezkaritza dagoeneko antolatuta dago.
Beraz, CAFeko zuzendaritzari eskatzen diogu langile ordezkaritzari ahotsa eman diezaiola enpresako erabaki foroetan, baita akziodunen batzar honetan ere; taldeko langileen lan baldintzak zuzendu ditzala eta negoziazio kolektiborako prozesuak erraztu ere bai; etorkizuneko Europako enpresa batzordean Euskal Herriko langileek ordezkaritza propioa izateko aukera bultzatu dezala; eta, azkenik, eskatzen diogu ez dezala negoziorik egin herri palestinarraren lurrak kolonizatzen jarraitzeko garraiobidea erabiltzea helburu dutenekin.
Aipatutako aldarrikapen horiek ez dira akziodunen batzarreko gai zerrendan egongo, baina gutxienez bertaratu direnen artean presente egon daitezela.