ZUZENDARIARI

Carlos geratu egingo da

2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Eskerrik asko, esan digu Carlosek batzarrean bildutako pertsonei, eskerrik asko zuen denbora eta babesagatik. Entzun diodan bitartean, irudi bat bueltatu zait burura, oinazetzen nauen hondar-irudi bat. Etxegabetzera heldutako batzorde judizialari «itxaron une batez, mesedez» esan, leihoa ireki eta torturapeko bizitza oso bati amaiera eman zion gizon harena, etsipenean murgilduta baina keinu irmoz, bizi-testamenturik gabe, bere burua askatu zuen harena. Zer da etsipena? Gizakiengan itxaropena galtzea besterik ez da.

Lasai, Carlos, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Gotzaindegiak ez bezala, justizia sozialaren alde borrokatzen dugun pertsonok ez dugu esker onik behar, zurea eta geurea den borroka honetatik elikatzen garelako.

Eliztar batengandik hamabost pisu jaso zituen Gotzaindegiak, gizarte ekintzarako erabil zitzan. Hamar urtez hutsik egon dira hamabost pisu haietako hamalau. Ziur aski, elizaren gainerako ondasunekin gertatzen den bezala, elizak ez du dagokien Ondasun Higiezinen gaineko Zergarik ordainduko. Pisuetako batean baino ez da norbait bizi: bizitza osoa, 60 urte, eman du Carlosek bertan. Lehenik, amarekin, adineko eta mendeko egiten joan zena, eta arrebarekin, mendekoa, beti gurpildun aulkian egon zena; gero, arrebarekin soilik; eta azkenik, bakarrik, bizitzak zigorgabe kentzen baitizkigu maite ditugunak.

Urte askoan Carlosen bizilagun izan den Amaiak dioenez, arreba eskailera estuetatik gora eramaten zuen etxera Carlosek, eraikinak ez zuen igogailurik eta. Patriarkatuari intsumiso izan zitzaion Carlos, eta biak, bai ama eta bai arreba, zaindu zituen hil ziren arte. Aita zaindu izan balu, zaintzaile bati dagokion diru-laguntza kobratzeko aukera izango zukeen Carlosek, baina zaindutakoa ama zenez —emakumea izateaz gain, pentsioduna—, Estatu patriarkalak uste izan zuen haren zaintzak ez zuela dirulaguntzarik merezi.

Urteen poderioz, etxea bigarren azal bilakatu zitzaion, eta oroitzapenak arrakaletatik agertzen hasi zitzaizkion. Baina horrek guztiak zer axola dio kale gorrian utzi nahi duen Gotzaindegi patriarkal honi? Ezertxo ere ez. Eusko Jaurlaritzarekin adostutako salmentaren espekulazioa baino ez zaio interesatzen Gotzaindegiari, anbizio hori bekatu kapital izango ez balitz bezala. Gure erakundeak etxebizitzak diru publikoz erosi ditu, noski, eta alokairu sozialerako erabiliko dituela esan du —bizitzaren paradoxak—, Carlos eta bere 60 urteko oroitzapenak eta bizipenak kaleratu eta gero.

Elizarekin egin dugu topo. Nonbaitetik etorriko da «santu bat erantzi beste bat janzteko» esamoldea. Litekeena da santua beti berbera izatea, santu pobrea, historian zehar beti biluztu egin dutena, eliza aporofobikoa baita, botereen aliatua.

Eusko Jaurlaritzak eta Gotzaindegiak ez dakitena da Bilboko auzoak espoliazioaren eta lukurreriaren aurka antolatu garela eta, justizia sozialagatik, Carlos geratu egingo dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.