Iragan martxoaren 25ean Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak prentsa-ohar bat atera zuten, Gobierno Vasco remite a la Ertzaintza dos piezas cerámicas del yacimiento de ‘Las Ermitas’ por ver indicios de falsedad (Euskadi.eus, 2025/03/25). Erdaraz, noski! Prentsa-oharrak aipatzen zituen bi piezetako batean Cesar jartzen du, bestean Neron. Idatzi horrek zer pentsatua ematen du.
Batetik, zuzenak ez diren baieztapenak egiten dituelako. Adibidez, Lurmen —Eliseo Gil eta Idoia Filloyren enpresa— kondenatu egin zutela 2020ko epaiketan. Epaia irakurtzea nahikoa da gezurraz jabetzeko.
Bestetik, erdi egia erdi gezurra den baieztapen bat, grafitoen balizko faltsutasuna argudiatzeko: latinez Caesar eta Nero idazten zirela, ez Cesar eta Neron. Baina Iruña-Veleia Argitu, Ez Suntsitu plataformak argi eta garbi erakusten du biak zirela posible.
Azpimarratzekoa da, baita ere, zenbat hedabidek zabaldu zuten prentsa-oharra inolako kritikotasunik gabe, gezur eta gabezia guztiekin. Horretaz jabetzeko ondo dator Miguel Thomsonen artikulua: César, Nerón y otras mentiras del montón. Internet pixka bat astinduz, erraz aurkitzen dira gutxienez 33 hedabide prentsa-oharra ia literalki zabaldu zutenak: ikus-entzunezkoak, paperezkoak nahiz digitalekoak, agentziak, web orriak, sare sozialak… Tartean EITB eta BERRIA.
33 hedabideetatik soilik Independentea-k eta Naiz/Gara-k eman zuten plataformak ateratako agiriaren berri: Eliseo izutzeko eta kakazteko beste ahalegin bat Arabako agintarien aldetik.
Ia hiru hilabete geroago, ez agintariek ez hedabideek ez dituzte okerrak zuzendu, ezta kaltetuei barkaziorik eskatu ere. Errespetu handiagoa merezi dugu.