Euskaltzaleen Foroko kidea

Txibitek eta PSOEk euskaldunoi barre berriz ere

Jon Aleman Astitz
2026ko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako lehendakariak Lorafna legean euskararen berezkotasuna jasotzeko prest dagoela esan du (Aralarren menditasuna ere onar zezakeen bide batez…).

Biba eta txaloka hartu dute berria EH Bilduk, Gara-k eta Noticias-ek. «Ziklo aldaketa» ei dator... euskararen berezkotasuna Nafarroako Euskararen Legean jasota bazegoen arren, eta horrek, UPN lagun, PSNren politika euskarafoboak aldarazi ez baditu ere.

Berezkotasunak berezkotasun, ekain honetan bertan Lekarozko ikastetxeko klaustroak salatu du Hezkuntza Departamentuak irakasle erdaldunak inposatu nahi dizkiela, euskararen eta euskaldunen kaltetan, orain arte erdarazko klaseak D ereduko irakasleek eman dituztenean. Maiatzean Orkoiengo Udalak (PSN) euskararen ordenantza berria onetsi zuenetik hizkuntza-eskubideak murriztu direla salatu zuten bertako euskaltzaleek. Lehentxeago, Nafarroako ikastolak kalera atera ziren PSNren gobernuak zazpi ikasgela itxiko dituela iragarri ondoren (D eredu publikoko zortzi gela ere itxiko dituzte). Apirilean, Foruzaingoaren 1.200 lanpostutik soilik lautan eskatu zuen euskara Txibiteren gobernuak. Urtarrilean, Corellako ikastetxe publikoetan euskarazko ereduei ezarritako trabak salatu zituen guraso talde batek…

UPNk ezarritako PAI egitaraua gotortu eta hedarazi du PSNk euskarazko ikaskuntzaren kaltetan. Hezkuntza publikoan D eredua heda ez dadin zangotrabaka dihardu etengabe, euskararen berreskurapena geldiarazteko zonifikazioa betikotzearen aldekoak dira… UPNrekin bezala, PSNrekin ere Erriberan lanpostu publikoak eskuratzeko euskarari ez diote baliorik aitortzen, baina frantsesari, alemanari edota ingelesari bai, Merituen Dekretuak euskararen balioa errotik murriztu du eremu mistoko udaletan… 

Nafar euskaldunen hizkuntz eskubideen aurkako neurri andana ezarri du PSNk gobernuan denetik, baita aurretik UPNk hartutakoak erabili eta zorroztu ere, mendetako zapalkuntzaren ondoriozko «errealitate soziolinguistikoari men eginez», zinikoki adierazi ohi duten gisan. Txibitek euskararen berezkotasuna berresteko asmoaren iragarpena bat dator PSNren ohiko jokabide euskarafobo lotsagabearekin. Baina berritasuna ez da hori. Berritasuna da EH Bilduk eta Gara-k edo Noticias de Navarra-k zein gogotsu eta esker onez jaso dituzten ezer berririk agintzen ez duten bere hitzak.

Txibiteren PSNk, orain arteko jokabide euskarafoboa zuzentzeko prest dagoela erakustea erraza dauka: ekimen euskarafoboak errotik eten, PAI bertan behera utzi, Merituen Dekretua zuzendu, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaldu, ikastolak eta D eredu publikoa zaindu, lan deialdi publikoetan euskara, berezko hizkuntza bati dagokion bezala, eskatu… Hala balitz, txalo egiteko prest geundeke gu ere. Bien bitartean, sozialisten ohiko jokabide anker eta zinikoaren beste atal baten aurrean gaudela pentsatu behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA