Donostia

Donostiako Udalak ez ditu betetzen eragozpen fisikoak dituztenen inguruko betebeharrak

Juan Maria Sansinenea Makazaga
2026ko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Udalean hitzordu bat nuen, desgaitasun fisikoa izateagatik aparkatzeko toki berezietan eskubidea ematen didan txartel urdina berritu behar nuelako. Mesfidantzarekin joan naiz, badakidalako udaletxearen inguruan desgaitasuna duten pertsonentzat toki erreserbaturik ez dagoela. Suposatzen dut legeek –eta legeak ez badira, sen onak eta moralak– agintzen duten toki horietan, edozein toki publikotan bezala, agintari publikoek arduratu behar dutela ipintzeaz desgaitasun fisikoa dutenei bizitza pixka bat errazago egiten dieten elementuak. Iritsi naizenean udaletxe ingurura, kotxea –oso ondo identifikatua desgaitasun fisikoa duen jabe batena bezala– trafikoa oztopatzen ez zuen toki batean utzi dut eta bulegoetara joan naiz nire izapideak egiteko. Itzuli naizenean, ordu erdira, nire beldurrak baieztatu dira: isun bat nuen.

Donostiako Udalak Ijentea kalean izan ditu aparkaleku erreserbatuak, baina inguru horretan oinezkoentzat aldaketa urbanistikoa egin zutenean desagertu ziren. Urte batzuetara, Frankismoaren Biktimen Monumentuaren inguruan berriro beste erreserbatu bat ipini zuten, baina gero desagertu egin zen. Aukerak, borondatea baldin badago, badaude, adibidez Lasala plazan, edo Lasala plazatik Ijentea kalera doazen kaleetan.

Beste herri batzuetan ikusi dudana aipatzearren, Finlandiako Rovaniemi hiriko kasua dago. Hor, zirkulazioa guztiz debekatua dagoen tokian, udaletxearen ondo-ondoko zoladuran nire kotxea aparkatu nuen han izan nintzenean. Portugalen, Algarveko Aljezurreko kasua ere aipatuko nuke. Askotan pentsatu izan dut bi toki horietan hobeto tratatu nautela nire zergak ordaintzen ditudan eta jaio nintzen Donostian baino. Baina hemen ez dira bukatzen hiri honek desgaitasun fisikoa dutenekiko dituen gabeziak: non aparkatzen dute Foru Aldundira izapideak egitera doazen eta ezgaitasuna duten pertsonak? Hori bai, aldameneko kaleetan badaude diputazioko politikarien kotxeak aparkatzeko erreserbatutako plazak, oso modu nabarmenean adieraziak.

Donostiako hiriak badu alkate berri bat. Ea aurrekoak baino gehiago egiten duen desgaitasun fisikoa dutenen alde. Denok dakigu Donostian aparkatzea ez dela erraza, baina bereziki kasu honetan erraztasunak ipini behar dira oinez, bizikletaz, autobusez, motoz eta abarrez joateko ezintasuna dutenen alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA