Oiartzun

Ea hurrengoak

Adur Lizasoain
2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Aro bat amaitzen denean beti pentsatu ohi dugu ea hurrengoan zer jazoko den; oparoagoa edo kaxkarragoa izango ote den, denbora askoz ala gutxiz luzatuko den edo nolako eragina izango duen gizartean. Jada ezagutu dugunak, bizi berritako horrek, ongi funtzionatu duela badakigunean, bertigoa eman dezake esperientzia horren gailurra igaro berri dela, ez direla garai hobeak izango, pentsatze hutsak. Horixe da zale dezenteri burutik igaro zitzaiguna Gernika Jai Alai pilotalekuko funtzioa amaitu orduko. Ziklo baten amaiera dela.

Erantzi zituzten takoak duela urte batzuk Irujok (81ean jaioa) eta Aimarrek (79), baita xistera zintzilikatu ere Kotetok (73), eta azkenik, denetan internazionalenak, Goikok (80), agur esan digu. Lerro hauek idazten ari den gazte honek ikusi dituen bi esku-pilotari, erremontista eta puntista onenak, beraz, historia dira jada. Kito, ez ditugu gehiago ikusiko praka zuriekin. Eman dute eman beharrekoa. Bertigoa ematen du, bai, inoizko belaunaldi onena jada iragana dela onartzeak.

Azken egunotan emandako elkarrizketetan detaile triste bat azpimarratu digu zumaiarrak: bere garai onenean harmailak hutsik zeudela; edo beste era batera esanda, zesta puntara azken hiru urteotan engantxatu garenok ez dugula Iñaki onena apenas ikusi, ez dela euskal jendartean kirolari handi eta ezagun gisa aitortua izan kantxan izar bat dela erakutsi arren. Egia madarikatua.

Gustura egingo genuke denok fikzio ariketa bat, ziurrenik, frontoietara Red Bullen babesletza ekarri digun pilotari honen Miamiko kinieletako erakustaldi haiek 2024ko Gernikan bizi ahal izateko edo, behintzat, egun zesta bizitzen ari den olatu eder honetan surfeatzen jarrai zezan beste urtetxo batzuk, txikienek mito hau zein zen bere begiekin jakin dezaten. Hurrengoei kontatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.