Donostia

Ekintzak behar dira, ez asmo onak soilik

Oihana Zunzunegi
2026ko otsailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behobia-Donostiaren antolatzailea da Fortuna Kirol Elkartea, eta jakinarazi du 2026an dortsalak zozketa bidez esleituko dituela, ohiko korrikalarien kasuan izan ezik. Beraz, leialtasuneko helburuak lortu nahi direnez, neurri eraginkorrak hartzen dira.

Eta zer gertatzen da 50/50/25 erronkarekin, 2025erako emakumeen partaidetza %50era iristeko ezarritako berdintasun helburuarekin?  Emakumeen parte hartzea %33ra iritsi da eta helburua ez dute lortu.

Kluba 2018az geroztik ari da erronka hori publikoki adierazten, eta Gipuzkoako Zaindari berdintasun saria jasota urrats esanguratsuagoa eskatuko nieke.

Emakumeok oztopo batzuk gainditu behar ditugu ezaugarri horietako lasterketa batean parte hartzeko. Eta gainditu arren, dortsalik gabe geratzen gara. Beraz, gure ahaleginaz gain, kirol sistemako eragileen eta administrazio publikoen egiturazko erabakiak behar dira parte hartze hori ahalbidetzeko. Berdintasuna ez baita emakumeen kontua bakarrik.

Aurten zozketa egiten bada, klubak parte hartu nahi duten emakume guztien zerrenda izango du esku artean. Beraz, oso erraza da zozketatik kanpo uzteko neurria hartzea (ekintza positiboa deiturikoa), ohiko korrikalariekin egiten duten bezala. Honela, erronkaren berdintasun helburua eta hori lortzeko ekintzak bat etorriko lirateke. 

50 urte dituen emakume korrikalari gipuzkoar eta bi alabaren ama gisa, ezin izan nuen iazko lasterketan parte hartu, dortsalak segituan agortu zirelako. Eta orain, zozketa batean sartu nahi gaituzte. Aldiz, nire aitak, nire senarrak eta nire anaiak lasterketa herrikoi eta enblematiko hau egin ahal izan dute; eta esan behar dut hori ez dela kasualitate hutsa izan.

Nire alabek ez al dute merezi ama erreferente izatea, jarduera fisikoaren eta kirolaren eremuan? Horrela, erakutsi diezaiekegu eurak ere gizarte berdinzaleago eta bidezkoago baten parte izan daitezkeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA