Termino zabala da, baina gure gaira ekarriko dut.
Eko aurrizkia edozeri aplikatzen zaio gaur, bere jatorrizko esanahia sarritan erabat suntsituta. Faxismoa, berriz, beti da faxismoa: inposaketa eta funtzionamendu autoritarioa.
Biak konbinatuta, honako ezaugarri hauek betetzen dituzte:
Trantsizio berdearen eta ingurumen-iraunkortasunaren izenean, funtzionamendu teknokratikoa lehenesten dute. Herritarren ahotsari entzungor egiten diote eta erabakiak goitik behera hartzen dira elite politiko eta enpresarialen onuran. Bertako komunitateak baztertu eta eremu naturalak sakrifizio-gune bihurtzen dituen autoritarismo berria iritsi da.
Dena demokraziaren bermearekin. Guk eman diegu botoa.
Hernanin (ere) gertatzen ari da, Jauregi Bailaran. Hernaniko Udalak Ekotrade enpresaren bioerremediazio eraikinari bidea ireki dio ongizate publikoaren izenean. Herritarrek parte hartu dugu prozesuan, bai, bileretan informatu gaituzte (gaizki), eta guk emandako argudioek ez dute ezertarako balio izan. Formak bete dira, baina edukian entzungor egin digu Udalak, erabakitzeko aukera errealik eman gabe. Erdizkako egiak esanda, gure ezjakintasuna guri leporatuz eta eman diguten informazioan gardentasun falta hasieratik nagusitu denean.
Lur kutsatuak datoz Hernanira, tonak eta tonak urteetan zehar, bioerremediazioa eta beste teknikak erabiliko diren Anoeta futbol zelaiaren tamaina izango duen eraikin batera.
Eko hitza desagertuko da, paisaia kutsatu gabeak bezala… dena azkenik, arnas ezina izango den kapitalismo berde bihurtu arte.