Barakaldo

Ekologikoak omen

Bego Larrieta
2026ko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Umetan amak erosketetara bidaltzen ninduenean, gai bakoitzerako ontzi ezberdin bat erabiltzen genuen. Arrautzetarako arrautzontzia: sare moduko ontzi bat, tolesgarria, heldulekuak zituena. Etxetik azokaraino tolesten-destolesten ibiltzen nintzen. Bai atsegina! Maite nuen hura!

Patatak erosteko, berriz, oilar-hanka diseinua zuen ehun gogorrezko poltsa eramaten nuen. Garai hartan, herriko azokan, elikagaiak banan-banan saltzen zirelako. Urazak ere behar izatekotan, pataten gainean jartzen zizkidan baserritarrak. Bere gaztainazko saskitik gure ehunezko poltsara, zuzenean. Zikintzen baziren, arazorik ez. Horrela, eta konturatu gabe, ez genuen plastikorik erabiltzen plastiko gutxi erabiltzen zelako, arrandegian eta harategian baino ez. Konturatu gabe, ekologikoak ginen.

Aurreko asteetako beroaren erruz, herrietako ia iturri guztien ondoan, kolore askotako puxika txikien gorpuak ikusi ditut, estolda-zulotik gertu, hortik desagertzeko prest. Handik itsasora. Pasa den asteburuan topatu nituen batzuk, itsas hondarrean. Egun, ekologikoak garela esatean, harro sentitzen gara. Ekologikoak?

Gurasoen etxea hustu behar izan nuenean, erosketetarako poltsa hura topatu nuen. Zain. Ez nuen hartu, ordea. Ekologikotzat daukat neure burua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA