Auritz

Epaiketak

2026ko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako Errepublikak, frantsesa hizkuntza ofizialaz gain, beste bederatzi hizkuntza ditu, alegia, okzitaniera, alemana, italiera, bretoiera, katalana, korsikera, nederlandera, euskara eta alsaziera, gehi etorkinenak, konparazio batera, arabiera, kreolera, portugesa, turkiera, txinera eta abar, eta abar. 

Hala eta guztiz ere, ofiziala bat bakarra du, hau da, frantsesa, gorago aipatu dudan bezalaxe. Gainerako hizkuntzei ez dizkie ematen beharko lituzketen estatusa, balioa eta errespetua, eta erakusgai euskara bera dugu. 

Baionan, 1984an, epaiketa batean, Iparretarrak erakundearekin lotu zituzten lau pertsona —Betti Bidart, Xan Koskarat, Joanes Borda eta Alain Mateo— euskaraz mintzatu ziren epailearen aurrean, eta, itzultzaile batek itzuli zituen haien adierazpenak frantsesera. Bueno, ba, lau hamarkada baino gehiago pasatu ondoren, denok izan gara lekuko, toki berean, hots, Baionako Auzitegian berean, hamazazpi pertsonari gutxienez, nola ukatu dieten azken hilabeteetan euskaraz mintzatzeko eskubidea. Horien artean ziren EHEko kideak, Ostia kolektiboko kideak, eta baita Korrikan migratzaileak muga pasatzen laguntzeagatik epaitu zituzten militanteak ere. 

Gerora, otsailaren 5ean ere izan zen beste epaiketa bat, baina, horretan ere, nahiz eta epaituek aldez aurretik eskatu zuten jar zitzatela behar ziren baliabide guztiak euskaraz deklaratzeko, orduko hartan ere debekatu zieten Euskal Herriko berezko hizkuntzan hitz egitea, eta, gainera, isunak eta inhabilitazioak jarri zizkieten batzuei; argudioa: Frantziako Konstituzioak debekatzen duela euskaraz mintzatzea auzitegietan, nahiz eta hori idatziz ez agertu, eta, gorago ikusi dugun bezalaxe, 1984an, lau pertsonak deklaratu zuten euskaraz leku berean eta konstituzio berberarekin; okerrera egin dugu. 

Frantziako Errepublikak oso sarritan erakutsi nahi izaten du bere burua mundu guztiaren aurrean, herrialde oso demokratikoa eta eredugarria balitz bezala, baina hona hemen zer-nolako gabeziak eta miseriak dituen bere etxe barruan, alajaina!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA