ZUZENDARIARI

Erraustegirik ez, ez Bergaran, ez inon

Edurne Arenaza.
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Jaurlaritzak Valogreeni atea ireki dio Bergaran erraustegi bat egiteko. Horrek agerian utzi du Jaurlaritzaren asmoa: pribatuen interes ekonomikoen alde egitea, herritarren osasunaren gainetik. Horrez gain, maila demokratiko eskasa erakutsi du, ez baitie erantzun zehatzik eman alegazioei, eta Bergarako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra ez du kontuan hartu. HAPOk ez du hondakinak tratatzeko gunerik jasotzen, ezta araztegirik ere, eta Valogreenek bi jarduera horiek ezarri nahi ditu.

Bestalde, herritarrok izan behar dugu honako alderdi hauen berri:

Valogreenek hondakinak tratatzean isuri toxikoak sortuko ditu; besteak beste, metal astunak, dioxinak eta furanoak, eta proiektu teknikoan ez da azterketa espezifikorik egin haien efektua ikertzeko. Jarduera kokapena ez da egokia, etxeak hurbil baitaude: baserri batetik 125 metrora, Basalgo auzotik 440 metrora eta Bergarako hirigunetik kilometro batera.

Valogreenek eta Eusko Jaurlaritzak karea ekoizteko instalazio bat saldu nahi digute, baina ez da egia. Instalazioan hondakinak lehengai gisa baino ez dira sartuko, urtean 155.000 tona papergintzako hondakin erraustuko dute —Zubietako erraustegian, 162.000 tona—. Ondorioz, urtean sortuko ditu 8.000 tona hondakin arriskutsu, 90.000 tona ur zikin, 592.000 tona ke, eta 10 tona merkurio isuriko ditu airera.

Isuriak, 365 egunez, 24 orduz, baina kutsatzaile arriskutsuenak —dioxinak, furanoak, metal astunak eta abarrak— sei ordu urtean bakarrik neurtuko dira. Nola jakin dezakegu ez direla mugak gaindituko?

Jaurlaritzak, hau jakinda ere, defendatzen du proiektua bat datorrela iraunkorreko helburuekin.

Nola fida gaitezke horrelako gezurra defendatzen duen erakunde publiko batekin? Ulertezina da, eta jarduera hau gelditu behar dugu: erraustegirik ez, ez Bergaran, ez inon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.