Zarautz

Eskerrik asko Donostiako ospitaleari

Fausto Berazadi Larrea
2026ko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osakidetzako Donostia Ospitaleko Amara eraikinean bi hilabete (abuztuaren 13tik urriaren 8ra) paziente gisa ingresatuta egon naizen garaian, bertako profesionalen eskutik jasotako arreta eta dedikazioagatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet lerro hauen bidez, nire eta nire familiaren izenean.

Oporretan Lanzaroten, ekainaren 9an, eta osasun egoera ezin hobean nintzela, pankreatitis larria diagnostikatu zidaten eta Arrecifeko bi ospitaletan artatu ninduten. Azkenik, eta hortik bi hilabete pasatxora, abuztuaren 13an Donostiara ekartzea lortu genuen, hegazkin medikalizatu batean. Prozesu gogor hori urriaren 8an amaitu zen, Donostian, Osakidetzako Amara Ospitalean alta eman zidatenean. Gaixotasun zaila eta latza izan da, baina ondo sendatzea lortuta, nire autonomia maila berreskuratu dut.

Esker berezia adierazi nahi diot Osakidetzako sendagile Felix Zubiari, aurreneko egunetik, bai Lanzaroten eta bai Donostian, nire egoera larriari eskaini dion konpromisoagatik, jakinduriagatik eta profesionaltasunagatik. Benetan eta bihotzez, mila esker, Felix.

Eskerrak, era berean, Amara Ospitaleko Eva San Pedro nire sendagile eta mediku taldeari, erizaintzako langile, erizaintza languntzaileei eta gainerako profesional guztiei: zuen babesa oso garrantzitsua izan da niretzat eta nire familiarentzat, eta aurrera ateratzea errazagoa izan da.

Eta gaur egun, ospitaleetan lau hilabete pasatu ondoren, Zarauzko itsas malekoian ibiltzen ahal naiz. Ederra da kresala arnastea.

Gipuzkoar eta euskaldun guztiekin partekatu nahiko nuke gure herriko osasun profesionalek egindako lan bikaina, eta gure osasun sistema publikoaren balioa nabarmendu eta azpimarratu beharrean sentitzen naiz.

Eskerrik asko –bihotz-bihotzez– prozesu honetan parte hartu duzuen pertsona guztiei. Eskerrik asko bizi hau gogo biziz bizitzen laguntzeagatik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA