«Haurren hezkuntza etxean hasten da», entzuten dugu sarritan. Lehen loturak eta bizipenak etxean eraikitzen dira, bai. Baina etxe guztiek ez dituzte zaintzeko eta hezteko baldintza berak.
Haurren ongizateaz ari garenean, familiak eta eskolak elkarri egozten dizkiote sarritan erantzukizunak, hezkuntza komunitatearen elkarlana ahaztuz. Azken horren indarra gutxietsi gabe, beharbada, beste galdera bat ere egin beharko genuke: haurren ongizatea zaintzaileen ongizatea bermatzearekin batera zaintzen al dugu?
Zein baldintzatan ari da familia bat zaintzen? Nola eskatu zaintza duina etxebizitza duinik gabe, lan baldintza prekarioetan edo oinarrizko beharrak asetzeko zailtasunekin bizi direnei? Zein baliabide eta babes sare dituzte sistemaren indarkeriak irensten dituen familiek? Eta eskolak, zer baliabide ditu desberdintasun horiek konpentsatzeko?
Familiak eta eskolak aliantza sendoa eraiki behar dute. Zalantza gabe. Eta hori bera ere ez da nahikoa izango. Haurrek, horrez gain, beso sendoak, altzo maitekorrak, segurtasuna, denbora eta babesa behar dituzte. Hori guztia da etxea. Eta horri eusten dioten teilapea eta lau hormak ere badira etxea. Lan baldintza duinak eta etxebizitza eskubidea bermatzen ez badira nekez emango direnak.
Haurren ongizatea ez da familien edo eskolen ardura hutsa. Jendarte osoarena da. Zaintzea lehentasuna bada, zaintzen dutenak ere zaindu behar ditugu. Eta horra bideratutako politikak exijitzea da denon ardura eta erantzukizuna.