Idazlea

Etxebizitzaren arazoa eta Elizaren adarjotzea

Josu Jimenez Maia
2026ko urriaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriak sei ditu eta gaurko predikua irakurri dut, San Mateoren liburutik hartua. «Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko dizue; eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitzen, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio».

Etxebizitzaren arazoaren soluzio bat dakar Ebanjelioak. Eliza katolikoak dituen etxe, abade-etxe, ikastetxe, erresidentzia, monasterio eta beste higiezinak askotarikoak dira. Elizak apaiz, apezpiku eta enparauak gizentzeko biderkatu ditu ondasunak, horretarako Kristoren Ebanjeliotik hartutako hitzak usteldu dituelarik.

San Mateoren liburutik berriz: «Eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitzen, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio». Amen.

Hemen, eskatu dugu herrietako eliza, baratze, apaizetxe eta baselizak Herriari itzultzeko eta diru-goseak usteldutako Elizaren ezezko biribila jaso; bilatu, baina ez duzue apaiz gehien-gehienengan ez gupidarik, ez errukirik aurkituko; immatrikulazioen kontura apezpikuaren egoitzaren atea jo dugu, baina ez du atea zabaldu.

Eliza katolikoak etxe, apartamentu eta beste hainbat higiezin ditu hutsik, espekulazioaren emaitza. Bada erreforma protestantearen garaiko kritika satiriko bat: «Accipe, cape, rape, sunt tria verba papae», hauxe esan nahi duena: «Eskuratu, hartu eta harrapatu, aita santuaren hiru hitzak dira». Esakuneak ez du gaurkotasunik galdu. Nahitaezko desjabetzea da bidea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA