Bergara

Euskara hizkuntza antifaxista?

2026ko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hori dio EHEk (Euskal Herrian Euskaraz) Durangoko manifestaziorako aukeratu duen lemak, galdera-ikur barik noski. Durangon nintzen 1979an mugimendua aurkeztu zenean, lehen lerroan ibili nintzen urte batzuetan, eta nahiz eta aspaldian ez militatu, kuota txiki bat ordaintzen jarraitzen dut oraindik. Baina hau gutxienekoa da. Azter dezagun lema.

Faxismoa Benito Mussolinik eta bere intelektualek asmatu zuten Italian, 1920 inguruan. Ez da ahaztu behar Mussolini militante sozialista izan zela 35 urte bete arte. 1922an boterera heldu zen, eta geroxeago Hitlerrek eta Francok antzeko bidea hartu zuten. Beraz, Hitlerren eta Francoren diktadurei ere faxista deitzea, tira, ondo. Baina zuzena al da gaur egungo eskuin muturrari, Voxi edo Trumpi adibidez, faxista deitzea? Ez zait iruditzen, besteak beste faxistak juduen etsai amorratuak izan zirelako eta gaur egungo eskuin muturra, berriz, sionista delako, edo gutxienez Israelen zale sutsua. Faxismoak ezaugarri asko zituen gaurko eskuin muturrak ez dituenak.

Eta hizkuntzak ez dira ez abertzaleak, ez komunistak, ez sozialistak, ez anarkistak. Eta beraz, ezta faxistak edo antifaxistak ere. Beste zerbait dira, herri baten identitatearen ezaugarria, komunikazio tresna… definitu nahi den bezala. Gaur egun oso erraz eransten zaio faxista etiketa arrasto nagusitik aldentzen den edonori. Ez dakit kultura politikoaren edo hizkuntza pobretzearen ondorioa den, ala etsai politikoa deabrutzeko komodin infantila.

Eta euskararen etsaiak ez daude eskuin muturrean bakarrik. PSOEko Euskadiko liderrari edo haien eraginpeko epaileei entzutea aski da honetaz jabetzeko. Edo PSOE ere faxista da? Ezkerreko, zentroko zein eskuineko demokraten artean ez zaio etsairik falta euskarari.

Sentitzen dut, baina aurten ez naute Durangoko manifestazioan ikusiko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA