Lexantzüko auzapeza

Euskarak ez du atearen gibelean gelditu behar

Egoitz Urrutikoetxea
2026ko urriaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lexantzü-Zunharreko herriko kontseiluak euskara gure lurraldeko hizkuntza dela aitortu du, frantsesaren ondoan. Prefetak deliberoaren betearazpena etetea eta deliberoa baliogabetzea eskatu du. Haren ustez, deliberoak zerbitzu publikoen neutraltasuna arriskuan ezar lezake, baita «Frantziako herriaren zatiketa» eragin ere.

Baina ikuspegi horrek gure herriko errealitatea bazterrean uzten du. Euskara hemen mintzatzen, transmititzen eta partekatzen da. Gure deliberoak errealitate hori aitortzen du, eta euskarak bizirik jarrai dezan dugun nahia adierazten du. Ez dio inori euskaraz mintzatzeko betebeharrik ezartzen, ezta herritarren arteko bereizketarik egiten ere.

Prefetaren helegitea auzi juridiko hutsetik harago doa. Herria bere hizkuntzaz mintzo denean, hizkuntza hori jendaurrean erabiltzea susmagarri bihurtzen duen ikuspegi bat jartzen dio parean. Hizkuntza aniztasuna mehatxutzat aurkezten du, desberdintasuna aitortzeak gizartea zatituko balu bezala. Guk, aldiz, uste dugu hizkuntza batek baino gehiagok tokia izan dezaketela herriko bizitzan, herritarrak elkarren kontra ezarri gabe.

Arrazoibide horretan, laikotasunari dagokion ikuspegi bat hizkuntzaren esparrura eramaten da, euskara eremu pribatura mugatu beharreko hautu bat balitz bezala. Baina hizkuntza ez da leku publikoen atarian utzi beharreko sinesmen bat. Komunikatzeko eta gizarte harremanak eraikitzeko tresna da.

Bizirik irauteko eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko, euskara eskolan, lanean, aisialdian, zerbitzu publikoekiko harremanetan eta eguneroko bizitzan erabili ahal izan behar da. Familiara edo kultur ekitaldietara mugatzeak haren erabilera eremuak eta gizartean duen baliagarritasuna murrizten ditu. Hizkuntza bat irakats daiteke eta, hala ere, pixkanaka desager daiteke, hiztunek hura erabiltzeko eta biziarazteko aukerarik ez badute.

Horixe jarri nahi du agerian gure deliberoak. Ez dugu pribilegiorik eskatzen euskal hiztunentzat. Euskara herriko bizitzaren parte dela aitortzen dugu, eta hala izaten jarrai dezan nahi dugu. Horregatik, ez dugu onartzen haren presentzia publikoa mehatxutzat hartzea.

Gure herriko errealitatea ukatuz, prefetak herriaren ordez erabaki nahi du euskarak herriko bizitzan zer leku izan dezakeen.

Ez dugu bazterketa hori onartzen. Euskara Lexantzü-Zunharreko parte da. Euskara ofizialki aitortzeak bizi dugun errealitatea onartzea eta euskarak gure artean etorkizuna baduela adieraztea erran nahi du.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA