ZUZENDARIARI

Ez buru, ez hanka

Ametz Gil de Paules.
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ezker abertzaleko ordezkariak, duela urte gutxi batzuetatik hona, duela hamarkada ez asko pentsaezina izango zen zenbait ekitaldi publikotara gerturatzen hasi dira. Ekitaldi horietako gehienetan ezker abertzalea hurbiltasuna, laguntza... emateko agertzeak zentzu handia du, baina beste batzuetan ez hainbeste.

Ertzaintzaren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldira hurbildu izana zentzu gutxikoen artean dago. Saiatu naiz ekitaldi horretara bertaratzearekin lortu nahi zen helburu logiko eta konkretu bat bilatzen, baina ez dut bat ere aurkitu. Urteurreneko ekitaldira gerturatzea eta horren inguruan publizitatea egitea —hala nola sare sozialetara horren inguruko publikazioak igotzea— ez dut ikusten iritzi publikoaren gainean EH Bildurentzat positiboak izango ziren emaitza posiblerik.

Iritzi publikoa hiru taldetan bana dezakegu, ideologia politikoaren arabera hain zuzen ere: eskuina, zentroa eta ezkerra.

Edozer ekintzatan, ekitalditan edo dena delakotan parte hartu arren eskuinekoek beti esango dute EH Bildu ETA dela. Duela hamar urte utzi zituen ETAk armak, eta, hala ere, gaur egun ezker abertzalea ETArekin lotzen dute espainiar estatuko eskuineko politikari eta kazetari nagusiek: Casado, Ayuso, Ana Rosa, Susana Griso...

Beraz, alde horretatik bakearen, normalizazioaren... alde ezker abertzaleak egiten dituen ekintza guztiek ez dute inolako eraginik. Hauentzat, EH Bildu beti izan da, orain bada, eta etorkizunean izango da ETA.

Zentroko jendeari dagokionez, horrelako keinuak egiteak beharbada bai izan dezake eragina haien pentsamenduan. Baina eragin hori norainokoa da? EH Bildu alderdi demokratikoa dela pentsatzeaz haratago doa? Hau da, pentsamendu aldaketa horiek lortu dezakete hauteskundeetan haien botoa aldatzea eta EH Bilduri ematea? Nik ezetz uste dut, dagoeneko badakitelako EH bildu demokraziaren aldeko alderdi politikoa dela.

Zentroko jendeak badaki EH Bilduk gobernuko erakundeak errespetatzen dituela, haientzat ez du eraginik EH Bildu Ertzaintzaren urteurrenera gerturatzeak.

Ezkerrari begira, bi talde bereiz ditzakegu: independentistak eta ez-independentistak, edo abertzaleak eta ez-abertzaleak, bakoitzak nahi duen moduan esan dezala.

Ezkertiar ez-abertzaleek badakite EH Bildu alderdi demokratiko bat dela, demokraziaren alde dagoela, gobernuko erakundeak errespetatzen dituela, politika ezkertiarra egin nahi duela...

Beraz, zentroko jendeak bezala, hauek dagoeneko badakite EH Bilduk Ertzaintza errespetatzen duela. Eta keinu honek lor dezake ezkertiar ez-abertzale batek alderdi abertzale bat bozkatzea? Hemen ere erantzuna ezetz dela uste dut.

Ezkertiar eta abertzale den jendearen artean, hau da, EH Bilduri botoa ematen diotenen %99a—%100a ez esatearren—, ekitaldi honetara gerturatu izanak hein handi batean lor dezakeen gauza bakarra min ematea da. Ertzaintzak betiko paper errepresore basatiarekin jarraitzen du, ez du inolako aldaketarik egin. Ertzainek aukera duten bakoitzean beti erabiltzen dute haien boterea manifestaldiak, grebak... zapaltzeko eta txikitzeko. Horren adibide dira martxoaren 24an Gasteizen izandako 32 atxilotuak, Reala-Alaves partidako zentzu gabeko kargak eta pilotakadak...

EH Bildu Ertzaintzaren ekitaldira gerturatzerakoan eta horren publizitatea egiterakoan sare sozialetan, Ertzaintzarekiko nolabaiteko hurbiltasuna adieraztea lortu zuen. Beharbada haien helburu nagusia ez zen hori, baina ezker abertzaleko jendearen artean iritzi hori sortu da.

EH Bildu bozkatzen duen jendearen artean honek lortu duen gauza bakarra jendea haserretzea, nazkatzea, amorratzea... izan da, eta horren ondorioz jarraitzaileen botoan, laguntzan... galera eragin dezake.

Azkenik, ekitaldi honetara gerturatu izanak EH Bilduren ez-bozkatzaileen artean ez badu inolako aldaketarik lortu, eta, aldiz, EH Bilduri botoa ematen dion jendea haserretzea lortu badu, ze zentzu izan du ekitaldi honetara gerturatzeak?

EH Bilduk birplanteatu beharko luke zer erakundek merezi duen errespetua eta hurbiltasuna, eta zeinek soilik errespetua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.