Azken egunotan jakin dugu Osakidetzan ordezkaritza duten SAE eta TECNOS sindikatuetako ordezkariak Voxekin bildu direla, Osasungintza publikoko langileon lan baldintzak arautzen dituen esparru estatutuaren inguruko negoziazioa dela eta.
Alderdi horrekin lan baldintzen inguruko estrategiak atontzea faxismoa zuritzea da, eskubide gabe nahi gaituztenei atea irekitzea. Martxoaren 3ko borreroei eskua ematea. Herri honetan badakigu zer den faxismoaren aurka borrokatzea, borroka horren ondorioak larrutik ordaindu baititugu; gure amonek ez zekiten euskaraz, baina bazekiten Lauaxeta hil zuten esku berberek hil zutela Federico Garcia Lorca. Ibilbide historiko horrek borrokan bideak bilatzeko argia eman digu, baina, batez ere, bidea nondik ez doan aditzeko jakituria kolektiboa ekarri digu.
Gure gurasoek, aitona-amonek, bizitzeko askatasunaren eta duintasunaren aldeko borrokan bazekiten nortzuk zituzten etsai; eta guk argi daukagu historian zehar langileok izan ditugun etsaien oinordekoak zeintzuk diren.
Osakidetzako langileok ere langile borrokaren seme-alabak gara, etxean eta auzoan ikasi dugu non jaiotzen diren eskubideak. Borrokarik gabe aurrerapenik ez dagoela badakigu. Eta aurrerapen horien kontra nortzuk jarri diren ere bai.
Bai SAEk, bai TECNOSek, sindikatu apolitikoak direla diote, beren afiliazioaren artean sentsibilitate ezberdinak dituztenak; ESKn ziur gaude sentsibilitate horietako askok ez dutela bat egiten Voxen eskutik joateko ideiarekin, eta ESKrekin ados daudela pertsonala politikoa dela esatean;Â horregatik, publikoki euren atsekabea adieraztera animatzen ditugu, faxismoarekin ez da negoziatzen.