Auritz

Eztabaida publikoa

2026ko abuztuaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gehiena bezala, aurtengo sanferminak ere, hasi eta bukatu egin ziren. Han joan ziren programazio ofiziala eta ofiziala ez zena. Besteak beste, urtero bezala, bigantxak, entzierroak eta zezenketak.

Nekez uka liteke zezenketak jardunaldi basatiak direla, alegia, beren estresarekin, tratu txarrekin, lantzekin, banderillekin, ezpatekin, zauriekin, odolarekin, heriotzekin eta abarrekin, eta, horiek guztiak, gainera, jai publiko batzuetan, eta, segur aski, neurri handi batean, diru publikoz ordainduak. Entzierroak ere, ez zaizkie batere goxoak gertatu behar zezenei, estresarengatik.

Gai horiek guztiak defendatzeko, askotan esaten da aspaldiko tradizioak direla, baina beti ez dute balio aspaldiko tradizioen aitzakiek, esate baterako, ablazio, matxismo, arrazakeria eta abarren gaietan.

Nire ustez, 2026an guztiz desfasatuta gelditzen dira halako praktikak, gizarte ustez demokratiko batean, eta, horregatik, pentsatzen dut, berandu baino lehen, bertan behera utzi beharko liratekeela eta beste zerbaitez ordezkatu. Jakina da hori ezin duela egin alkate batek edo bestelako agintariren batek, manatu hutsez, zeren eta orduan ulertuko bailitzateke inposizio bat bezala, eta gizartearen zati handi batek ez luke onartuko.

Hala eta guztiz ere, iruditzen zait noizbait lor litekeela, baina, horretarako, gizartean eztabaida publiko, lasai, luze eta serio bat sortu eta bultzatu beharko litzateke. Eragile eta aktore guzti-guztiek hartu beharko lukete parte aipatu dudan eztabaida publiko horretan: peñek, askotariko gizarte taldeek, politikariek, agintariek eta abarrek.

Noiz lor litekeen, auskalo!, baina argi dago saiatu gabe, behintzat, askoz ere zailagoa izanen dela. Horretarako, gizarteak berebiziko bilakaera egin beharko luke eta beste dibertsio mota batzuk aurkitu, zezenen ikuskizunak ordezteko. Kostatuko da, baina nik uste dut noiz edo noiz erdietsiko dela, bestela gizarte hau nahiko aldrebestuta legoke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA