Iker Aristu Iruñeko Donibane auzoko bizilaguna irailaren 6an hil zen, 38 urte zituela. 2008an Polizia espainolak atxilotu zuen kale borrokaren aurkako operazio batean, Barne ministroa den Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaile ohiaren aginduz.
Inkomunikazio aldian tortura gogorrak jasan zituela salatu ondoren espetxeratu egin zuten, eta hilabete batzuk eman zituen kartzelan. Zazpi urte geroago, Aristu eta beste bederatzi lagun epaitu zituzten, Segi erakundeko kide izatea leporatuta. Auzian hainbatek berretsi zituzten inkomunikazio garaian jasandako tratu txarren salaketak.
Azkenean, Auzitegi Nazional espainiarrak hamar gazteak absolbitu zituen. Nafarroako Gobernuak motibazio politikoko indarkeriaren biktima gisa aitortu zuen Aristu 2024ko ekainean, beste 18 lagunekin batera.
Nahiz eta Iker Aristu, Gau ilunak izeneko antzezlan baten bitartez, saiatu zen bere buruko osasuna arintzen eta hobetzen, argi eta garbi gelditzen da torturak, kasu askotan behinik behin, egundoko ondorio kaltegarria uzten duela norberaren baitan, jasanezin bihurtu arte.
Patxi Larraintzarrek, artikulu batean, idatzi zuen mundu honetan egiten diren gaiztakeria guzti-guztiak barkatu ahal zituela, bat izan ezik, eta hura tortura zen.
Harrigarria eta bitxia da ikustea, Fernando Grande-Marlaska epaile ohia, Bilbon jaioa, garai batean tortura metodoa ontzat jo zuena, gaur egun, teorian, gobernu aurrerakoi batean ministro aritzea, hemen deus ere gertatu izan ez balitz bezala, santu-santu, tortura Erdi Aroko kontu zahar bat balitz bezala, eta egindako kalte fisiko eta mental oro guztiz ongi gaindituak baleude bezala. Ez dakit gizon horrek kontzientzia oso bare izanen ote duen.