Basauri

Futboleko euskal selekzioa

Jesus Pascual Fernandez
2026ko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Futbolzalea naiz. Bai, futbola gustatzen zait, eta egun hauetan barra-barra dago Euskal Herrian, Espainian, Frantzian eta munduan! Eta noiz edo noiz ikusi ere egiten dut, zatika bada ere, baina pasio barik —eta futbola zerbait baldin bada, pasioa da!—. Eta hori, zergatik? Bada, nire taldea, euskal selekzioa, egon ez dagoelako.

Inbidiaz ikusten dut Eskoziaren selekzioa! Selekzio horrek, Galesekin eta Ingalaterrarekin batera, hasiera-hasieratik aukera izan duelako parte hartzeko txapelketa guztietan. Geroago, beste estatu gabeko nazioen selekzioak ere sartu dira nazioarteko txapelketetan: Faroe uharteak, Gibraltar... Eta Groenlandiak ere bere selekzioa dauka, nahiz eta gaur egun ez duen parte hartzen txapelketetan. Eta inbidiaz diot, ziur nagoelako euskal selekzioak parte hartuko balu ez litzatekeela txarto arituko, txapelketa txukuna egingo lukeela.

Gure euskal selekzioak urteetan partida bat jokatzen ohi zuen aldarrikapen gisa Gabonetan. Azkena 2014an, Kataluniaren kontra. Ordutik bertan behera geratu da urteko partida hori, jendea ohartu zelako partida hori baino ez zela egiten. Geroago, eta data horretatik kanpo, beste partida batzuk jokatu izan dira, urtean behin oro har: 2015ean Katalunian, 2016an Korsikan, eta San Mamesen gero Tunisiaren kontra, 2019an Panaman... 2017an partidarik ez, ezta 2021-2023ko tartean ere. 2024an berriro bueltatu ziren partidak San Mamesera, Uruguairen kontra, eta 2025ean Palestinaren kontra. Eta kito!!!

Euskal selekzioak, nazioarteko txapelketetan parte hartzeko urratsak egin arren, bere horretan jarraitzen du. Mediatikoki bere presentzia eta eragina galtzen ari da, eta gaur egun, gero eta gehiago ikusten dira espainiar selekzioaren kamisetak Hego Euskal Herrian, eta segur aski gauza bera gertatzen da Iparraldean frantziar selekzioaren kamisetarekin. Ezin da zerbait gehiago egin? Txapelketa txiki bat lau talderen artekoa? Katalunia, Bretainia, Korsika eta gurea, euskal selekzioa? Egungo politikariek eta arduradunek kanpoko kirol ekitaldiak ekartzen dituzte: errugbia, nazioarteko futbola, Espainiako Vuelta, Bilboko ostalaritzaren gozamenerako eta onurarako, eta bitartean, gure euskal selekzioa baztertuta eta ahaztuta daukate. Agian garaia da euskal selekzioaren kamiseta ateratzeko!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA