Irakaslea eta ELAko militantea

Gimenoren gurpila

Rakel Arjol Echeverria
2025eko azaroaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Lanbide Heziketa beti jirabiraka dabilen gurpila bezalakoa da, egunero ehunka irakasle, ikasle eta ikastetxeren ahaleginari esker eusten diona.

Baina, azkenaldian, gurpil hori aurrera doa, entzungor egitea ezinezkoa den zarata batekin. Etengabe zulatzen ari da, eta, ganbera aldatu beharrean, norbait adabaki txikiak jartzera mugatu da. Gimeno kontseilariak, bizikleta hezitzaile honen mekanikari nagusia izan beharko lukeenak, ez omen ditu gurpileko zuloak ikusten.

Greba ez da nahita sortutako matxura bat. Metatutako higaduraren isla da: eskaintzan baina ez baldintzetan hedatu den Lanbide Heziketa, beti aldapan gora pedalei gogor eragiten dieten plantillak, eta martxan mantentzeko malabarak egitera behartuak dauden zentroak, administrazioak etengabe frenoak estutzen dituen bitartean.

Txibite presidentea aulkitik oreka mantentzen saiatzen da, modernizazioaren eta bikaintasunaren propaganda egiten duen Hezkuntza Departamentuari eutsiz, baina funtsezkoa ahaztu egiten du: gurpil sendorik gabe, bizikleta bakar batek ere ezin du aurrera egin. Eta Lanbide Heziketa, gaur-gaurkoz, trakzioa galtzen ari da.

Nafarroa berrikuntzaz eta puntako industriaz harro dago, baina bere Lanbide Heziketak arekan botata geratzeko arriskua du, konponketa sakona eskatzen duten ahotsak entzuten ez badira. Ez da nahikoa adabakiekin edo aitzakiekin: ardatza berrikusi behar da, koipeztatu eta gurpila puztu.

Izan ere, Gimenoren gurpilak biraka jarrai dezake, bai, baina aurrera egingo du norbaitek behingoz benetan konpontzea erabakitzen badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.