Administrazioan Euskaraz Taldea

Gimenoren mespretxuak Arartekoari eta Gardentasunaren Kontseiluari

2026ko irailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk 2026rako egindako aurrekontu akordioan hitzartu zuten, besteak beste, Lanbide Heziketan euskarazko eskaintza sustatzea: «Horretarako, kontuan hartuko da 2025-2026ko ikasturterako aurreinskripzioan ikasleen euskararen eskaera».

Hala, aztertu genuen ikasleek LHko matrikulazioan egindako euskara eskaera, eta ikusi genuen 814 ikasle aurrematrikulatu zirela gaztelaniaz, euskarazko eskaintza falta zelako. Horretaz gain, ikusi genuen gutxien-gutxienez 15 ikas-arlo edo ziklo berri egin zitezkeela euskaraz, bazirelako nahikoa ikasle euskarazko taldeak sortzeko (Ikasleek euskara gehiago nahi dute Lanbide Heziketan, BERRIA, 2026-4-7).

Hortaz, AETk Lanbide Heziketan euskarazko eskaintza handitzea eskatu zion Hezkuntza Departamentuari, baina ez genuen erantzunik jaso. Erantzuna lortzeko Arartekoaren bulegora jo genuen, Administrazioa beharturik baitago Arartekoari erantzuna ematera. Arartekoak informazioa eskatu zion 2026ko uztailaren 3an, baina Hezkuntza Departamentuak ez zion erantzun. Abuztuaren 4an bigarren aldiz errepikatu dio eskaera Hezkuntza Departamentuari, eta oraingoz ez du erantzun.

Bestalde, beste gai bati buruzko informazioa ere eskatu diogu Hezkuntza Departamentuari: jakin nahi dugu, batetik, haren menpeko haur eskolen aurrematrikulazioen datuak, eta, bestetik, Iruñeko eta Antsoaingo ikastetxeetan lehenengo aldiz sartu direnen aurrematrikulazioen datuak, ikastetxez ikastetxe eta hizkuntza ereduen arabera. Kasu horretan ere ez du erantzunik eman.

Horregatik, Nafarroako Gardentasunaren Kontseilura jo dugu, datu horiek eskatzeko. Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak informazioa eskatu zion Hezkuntza Departamentuari, eta oraingoan ere Hezkuntza Departamentuak ez du erantzunik eman. Beraz, ekainaren 22an, Gardentasunaren Kontseiluak 10 egun balioduneko epea eman zion, AETri bidal ziezaion informazioa eta egiaztagiria Gardentasunaren Kontseiluari, akordio hori bete duela egiaztatzeko (Nafarroako Gardentasunaren AR 93/2026 eta AR 94/2026 erabakiak).

Ba, Hezkuntza Departamentuak ez du bete oraingoan ere, ez du erantzun.

Hau da marka: Hezkuntza Departamentuak eta Gimeno kontseilariak mespretxu egin diete herritarrei, Arartekoari, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari... Eta, betiere, gardentasuna, parte-hartzea eta abar ahotan dutela. Eta euskarari kontra egitea beti azken helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA