ZUZENDARIARI

Gobernua, eskola eta herriko desoreken bultzatzaile?

Gurutze Puyadena, Mabel Cia, Josune Lopetegi eta Maria Albisu.
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ordizia, EAEko 10.000 biztanletik gorako udalerrien artean migrazio tasarik handiena duen herria da, %17,4ko tasarekin. Eskolatze datuei erreparatuz tasa hau are altuagoa da. Esaterako, Haur eta Lehen Hezkuntzan eskolaturiko ikasleen familien %21,7k atzerrian du bere jatorria. Aniztasun hau balio oso positibo eta aberastasun moduan bizi dugu. Herritar hobe egiten gaitu.

Ordizian dauden bi eskolen arteko ikasle banaketari erreparatuz, ordea, desoreka nabaria da. 2-12 urte bitartean eskolatuta dauden Euskal Herrian jatorria duten ikasleen %41,5 eskola publikoan daude eta % 58,5 itunduriko ikastola pribatuan. Atzerritar jatorria duten familietako ikasleen %87,1, ordea, eskola publikoan daude eskolatuak, eta soilik % 12,9 ikastolan. Ondorioz, eskola publikoan ikasleen familien %64,2k Euskal Herrian dute jatorria, eta %36,8k atzerrian. Jakintzan, aldiz, ikasleen familien %94,2k Euskal Herrian dute jatorria, eta %5,8k atzerrian. Desoreka hori are nabarmenagoa da Haur Hezkuntzan.

Desoreka horrek eskoletako eta herriko aniztasunaren kudeaketa orekatua egiteko baldintzak asko zailtzen ditu, eta, ondorioz, heziketa lan egokia, elkarbizitza, inklusioa eta euskalduntze prozesua. Bide honetan, eragin zuzena izan du, eta aurrera begira are gehiago desoreka dezake egoera Jakintza Ikastolan Haur Hezkuntzan 3. gela sortu izanak eta, ondorioz, Euskal Herrian jatorria duten ikasle kopuru handia bertan eskolatu izanak eta ikasle horiek Eskola Publikora bideratu ez izanak. Ulergaitza eta erabat salagarria iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzak, modu erabat irregularrean eta matrikulazio dekretua bera urratuz, Jakintza Ikastolari 11 matrikula berri onartu eta ikasturte erdian planifikazio irizpideak aldatu eta ikastolari 2019-2020ko ikasturterako Haur Hezkuntzako 3 eta 4 urteko mailetan gela berri bana ituntzeko erabakia hartu izana. Are ulergaitzagoa, herriko eskola publikoan eskolatze plazak libre egonik. Ikasle horiek eskola publikora bideratu izan balira, eskola publikoko egoera 14 eta 17 punturen artean orekatuko litzateke Haur Hezkuntzan. Aldiz, ikastolak 3. gela izatearekin, atzerritar jatorria duten familietako ikasleak bertan eskolatzeko aukeraren bidez, bertako desoreka apenas murrizten da, eskola publikoan desoreka bere horretan mantenduz eta epe ertain-luzera desoreka areagotuz.

Erabaki hauek, hasieran deskribaturiko desoreka betikotu eta areagotzearekin batera, herriko elkarbizitza, aniztasun orekatua, inklusioa eta euskalduntzea are zailagoa bihurtzen dute.

Gure herriko eta eskola publikoaren oraina eta etorkizunarekin konprometituak gauden heinean, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu gure eskoletan eta gure herrian bizi dugun desoreka nabari hau bideratzeko. Bide berean, Ordiziako agintari, eragile eta herritarrei ere eskatu nahi diegu beraien esku dagoen guztia egin dezatela guztion aberastasuna den gure herriko aniztasuna modu egokian kudeatu, guztiok aberastu eta elkarbizitza eta inklusio hobea izan dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA