ZUZENDARIARI

Gobernuek ez dute asmorik ETB3 Nafarroa guztira zabaltzeko

2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Ez Nafarroako ez Espainiako gobernuek ez dute deus egiteko asmorik ETB3 Nafarroa guztian ikusi ahal izateko. Hitz atseginez, baina finean horixe jakinarazi digu Nafarroako Gobernuak. Badira zenbait konponbide tekniko posible, baina Espainiako Gobernuak ezetz esan zien guztiei, 2020ko azaroan, orduan izan baitzuten horri buruzko bilera azken aldiz bi gobernuek.

Berriki, Remirez kontseilariak «zailtasun teknikoak» zeudela esan zuen Parlamentuan, baina hori alderdi politiko baten borondate falta da. Espainiako Gobernuaren ezetzaren aurrean, Nafarroako Gobernuak amen esan, eta bere horretan utzi nahi du kontua. Baina gauzak aldatu egin dira 2020ko azarotik hona: 2021eko martxoan, Espainiako Kongresuak, PSOEren aldeko botoarekin, besteak beste eskaera hau egin zion Espainiako Gobernuari: «Eremu linguistiko bereko lurraldeen arteko hizkuntzen administrazio erabilera ahalbidetu dezala, muga administratiboen barruan eta kanpoan, oztoporik gabe, eta eremu linguistiko horien barruan hedabideak hartzeko akordioak sinatuz».

Beraz, Espainiako eta Nafarroako gobernuek berriz bilera egin behar dute, eta Kongresuak eskatutakoa bete: ETB3 Nafarroa guztian ikustea ahalbidetu behar dute. Hiru modu daude:

1- Nafarroako mendialderako tokiko LTD lizentzia bat sortzea. Horrek arazoa konponduko luke Baztanen, Larraun aldean, Sakanan... ez, ordea, Pirinioan.

2- Nafarroari 2. multiplex autonomiko bat ematea, Nafarroa guztian ikusteko.

3- Oraingo multiplex autonomikoaren bidez baimentzea 5. kanal bat emititzea (ETB3).

Horiek dira konponbide teknikoak. Orain, Espainiako eta Nafarroako gobernuek horietako bat gauzatu egin behar dute. Gaur egun ETB1ek Nafarroarako deskonexio batzuk eginen ditu, eta zenbait orduz ETB3ren programazioa emanen duela. Hori ETBri eskertzeko modukoa da, baina ez da Nafarroako Gobernuaren meritua, eta arazo batzuk ere sortzen ditu: berriki, kexak izan dira, deskonexio horiengatik ezin delako Frantziako Tourra euskaraz ikusi Nafarroan, ETB1en bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.