Andoain

Hainbat gairi buruzko hausnarketak

2025eko ekainaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hasteko, Madrilgo aireportuko instalazioan lo egiten duen jende piloari buruzko gogoeta. Argi dago, giza izaerako gai horietan administrazio gehienak eskuak garbitzen saiatzen direla, baina, adibidez, edozein kirol-ekitaldi antolatzeko, kontrakoa gertatzen da. Edonola ere, duela pare bat urte Donostiako La Sirena aterpetxean gertatutakoa ikusi ondoren, ni ez nau ezerk harritzen. Negu gorrian, eta gauero 100 bat pertsonak lo egiten duten tokian, 30 bat pertsonako turista talde bat iritsi zen, eta han lo egiten zutenak kalean utzi zituzten.

Hurrengo gaia Valentziako hondamendia da. Telebistako programa batean uholdeetako egun horietan Mazonek edukitako jokaera zuritzeko asmoz tertuliakide batek esan zuenaren arabera, epaileak delitu zantzuak ikusi balitu Mazon inputatua egongo litzateke. Lastima tertuliakide horri norbaitek ez gogoraraztea justizia-auzitegi nagusietako kide gehienak politikariek aukeratzen dituztela. Gainera, oraingo honetan gertatutakoa harritzeko modukoa iruditzen zait, 1982ko Euskal Herriko uholdeetan, arazo politikoa gorabehera, eta arazoa kudeatzen administrazio ezberdinak izanik, alderdi politiko ezberdinekin, gobernu zentraleko orduko presidenteak hogeita lau ordutan Espainiako armadaren talde handi bat bidali baitzuen, baina orain horrelakorik ez da jazo. Beraz, gobernu zentralak ere huts egin du.

Amaitzeko, Espainiako telebistak Eurovision jaialdian jarri zuen testua aipatu nahiko nuke. Justizia, bakea edo giza eskubideak bezalako hitzak agertzen ziren bertan. Nire ustez, eta Israel egiten ari den sarraskiaren tamaina ikusita, hirurogei mila hildako baino gehiago baitira, ondo jarrita zegoen. Hori esanda eta koherentzia faltagatik, arreta eman dit, idazki hori baimendu duten RTVEko kontseilariak Israeli armak saltzea baimentzen duen alderdi politiko berak aukeratu dituela gehienbat. Horretaz gain, eta giza eskubideak aipatzearren, nik Albares ministroari galdetuko nioke palestinar batek edo munduko edozein pertsonak dituen eskubideak eta saharar batek dituenak desberdinak diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.