Hernani

Haur eskolako egokitzapenak

Ione Mendizabal
2026ko irailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haurra ateko kristalari itsatsita negar batean dago. Aurpegia gorri-gorria, malko potoloak masailetan eta negarrez bainoago garrasika ari da. Haren ama gela kanpoan itxoiten ari da, baina dagoen tokitik ezin du eszena hori ikusi, eta, haurrak horrela inoiz ez duenez negar egin, ez da konturatzen oihu horiek bere semearenak direnik. Ni ere zain nago, gelatik ateratzeko esan didate, eta negarrez gelditu da semea. Kanpora joan naiz ordu erdi itxoitera, baina hamabost minuturen buruan salto batean jaiki naiz eserlekutik haur eskolarantz joateko.

Barne eztabaida neukan; zeinengatik atera ote naizen gelatik semea negarrez utzita, semearentzat egokia zela uste nuelako? Edo hezitzaileak eskatu eta nire iritzia emateko beldur nintzelako? Negar zotinka badago, zer? Ez al da hobe polikixeago egitea egokitzapena? Eta ondo badago eta lehenago sartzen banaiz? Haren egokitzapenean trabak jartzen arituko naiz? Mila galdera buruan. Korapiloa bihotzean. Gelara sartzera nindoala ikusi dut atean itsatsia dagoen haurraren eszena, eta ama ezaguna dudanez esan egin diot. Arduratu egin da ama, esan dit semeak inoiz  ez duela horrela negar egin eta ez zekiela zer egin. Nik sartzera animatu dut, gero neure buruari gogorarazi diot besteen gauzetan ez sartzeko, eta esan diot berak baloratzeko. Ama beldurrez zegoen hezitzailea ez ote zitzaion haserretuko. Ez da haserretu, baina esan dio hori normala dela eta horrela jartzen diren bakoitzean ezin garela barrura sartu. «Normala?», pentsatu dut neure barrurako...

Badakit hezitzaileek ahalik eta hoberen egiten dutela beren lana eta iraila zaila dela haientzat. Hala ere, gurasoentzat ere egokitzapen garaia da, gure txikia lehen aldiz ezezagun batzuekin uzten dugun momentua, eta prozesu horrek denbora behar du. Zalantzarik gabe malabar garaia da hau, guraso, haur eta hezitzaileen beharrak uztartu beharreko garaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA