Saharako Kabiak

Hiru aldiz

2026ko uztailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ondoko baserriko oilarrak hiru aldiz egin du kukurruku eta horrek gogora ekarri dit Mateoren ebanjelioaren pasarte ezagun bat: Pedro apostolua patioan zegoen eserita. Orduan neskame batek ondoratu eta erran zion: «Hi ere Jesus galilearrarekin ibiltzen hintzen». Baina hark guzien aitzinean ukatu zuen: «Ez zekinat zertaz ari haizen». Kanpora atera, eta bertze neskame batek ikusita han zeudenei erran zien: «Jesus Nazaretekoarekin ibilia da hau». Pedrok berriro ukatu zuen: «Ez dut gizon hori ezagutzen». Geroxeago, han zeudenek, hurbildu eta Pedrori erran zioten: «Bai, hi ere horietakoa haiz, naski; ezagun duk hire hizkeran». Orduan, Pedro biraoka eta maldizioka hasi zen: «Ez dut gizon hori ezagutzen». Une hartan oilarrak jo zuen. Gogoratu zitzaion Pedrori Jesusek lehenago errana: «Oilarrak jo aitzin, hiru aldiz ukatuko nauzu».

Mateoren ebanjelioko Pedrok apostolua nola, sahararren eskubideak ukatuz, Espainiako agintariek ere hiru aldiz egin dute traizioa: lehenik, Juan Carlos printzeak; bigarrenik, Felipe Gonzalezek; hirugarrenik, apostoluaren izenkide Pedro SĂ¡nchezek, sahararrei traizio egitea tradizio bihurtuta.

Pazientzia, sahararren zientzia: sahararrek egonarri handiz daramate 50 urte erbestean, eta gai izan dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa eraikitzeko. Sahararren egonarria harrigarria izanik ere, gobernuburu hauen traizioak ondorio latzak izan ditu sahararrengan, bertzeak bertze, Oporrak Bakean programako umeengan; uda honetan ume horietako bat ikustean, gogoratu: traizio horiek gabe, beste oilar batek joko luke kukurruku.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA