Oñati eta Usurbil

'Inshallah', Anas

Iñaki Idigoras Igartua eta Jexux Agirresarobe
2025eko urriaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abuztua. Iratxen bildu gara Jurramendi igotzeko. Gudarienetik baino, gurutzeen bidetik (via crucis) ekiteko gomendatu digute. Berbagai, Gazako egoera. Israelek, genozidioa gauzatzeaz gain, horren kontaketa ere isilarazi nahi du: ia hirurehun kazetari erail ditu, Al Jazeerako Anas al-Sharif tartean.

Bazekien Anasek bere herriaren alde egiteak zekarkion arriskuaz; eraila zenerako, idatzia zeukan mezua. Sarri aipatzen du Allah. Fededuna zen Anas.

Jurramendi gailurrera iristen ari gara. Jesu Kristo beltz bat dago milaka karlisten bilgune izan zen mendian. Fededunak ziren; Zumalakarregi buru, herria defendatu zuten; askok bizitza galdu ere bai. Anasek bezala.

Palestinako bandera konplexurik gabe haizatzen dugu. Haien izaera erlijiosoa ez da aitzakia. Haien gizarte eredua ere ez. Herri baten biziraupena dago jokoan.

Iruditzen zaigu, baina, bestelako betaurrekoz begiratzen diogula geure erresistentzia indarrari: independentzia garaietako Nafarroako Erresuma defendatu zutenak, monarkikoak zirela. Konkistatuak izan ondorengoak, berriz: Zumalakarregi, fededuna; Arana, arrazista; abertzaleok, atzerakoiak. Orain, berriz, euskaltzaleok burges pribilegiatuak omen. Zenbat baina gure borrokari! Zenbateraino gaude asimilatuak! Nondik datoz baina horiek guztiak?

Ideologikoki, ba ote da gure askapen borrokarako espainiar zein frantziar ezkerreko intelektual errepublikanoa baino iturri pozoitsuagorik? Inshallah —gogoak hala nahi badu—, Anas, palestinar belaunaldi berriek zuen borrokaren funtsa ulertu eta bere egingo dute! Israelek zabalduko duen pozoia irentsi gabe, zuen borrokari baina-rik bilatu gabe. Esana digu geuri ere Lauaxetak, eraila izan aurretik: «Dana emon bihar jako maite dan askatasunari».

Berriki Espainiako Vuelta gelditu dugu Bilbon, palestinarrekiko elkartasunez. Noiztik ez dugu, baina, Ebron geldiarazi? Urriaren 4an manifestazio nazionala antolatu dute Palestinarekin elkartasunakoek.

Bandera nazionalik eramango al dugu palestinarrei elkartasuna adierazteko?

Herri zapaldutik elkartasuna herri zapalduari: Nabarratik Palestinara.

Abuztura bueltatuz, nolatan baztertu genuen gudarien bidea, via crucis egiteko?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.