Aurten, Oxfordeko Unibertsitateko bi aldizkari zientifikok Iruña-Veleiari eta Irulegiri buruzko artikulu bana argitaratu dute.
Urtarrilean, Joseba Lizeaga Ricak idatzitakoa, Archaeometry aldizkarian; Nafarroako Unibertsitate publikoan irakaslea izandakoa da bera. Bere lanaren konklusioa da: Iruña-Veleiako grafito batzuk faltsutzat jotzeko J. V. Navarrok aurkeztutako faltsutasun frogek ez dutela funtsezko zorroztasun zientifikorik eta ezin direla hartu eremu zientifikoan baliozkotasunez frogatutako ebidentzia gisa.
Joseba Lizeagak artikuluaren laburpen bat erantsi du iruñaveleia.eu-n: «Defectos metodológicos que invalidan la única 'prueba' aceptada en el juzgado de Vitoria sobre la falsedad de los óstraca de Iruña-Veleia» izenburuarekin [Iruña-Veleiako ostraken faltsutasunari buruz Gasteizko epaitegiak onartutako froga bakarra desegiten duten akats metodologikoak].
Martxoan Aranzadi Zientzia Elkarteak idatzitako ikerketa argitaratu da Oxford Journal of Archaeology aldizkarian. Irulegiko aztarnategian aurkituriko gezi punta eta beste arma batzuk aztertu ondoren Aranzadik uste du sertoriar gerretan —Sertorio eta Ponpeioren arteko gerra zibila, K.a. I. mendean— Irulegiko biztanleek aktiboki hartu zutela parte, eta ikerketa horrek sertoriar gerrak hobeto ezagutzeko balioko duela. Interneten informazio gehiago aurki daiteke.