Donostia

Jone Forcadaren egunkari ezkutua

Antxon Santamaria Ibarburu
2025eko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urriaren 17an Jone Forcada zendu zen. 50eko hamarkadan bere ikaslea izan nintzen Donostiako kaiko 1. atariko etxebizitzaren lehenengo solairuan. Egongelak ez zituen hogei metro karratu ere izango, eta ikasleak ez ginen dozena bat mukitsu baino gehiago.

Garai hartako ikastola guztiak xumeak ziren, baina Jone Forcadarena apalena eta umilena zen. Ausartzen ziren Donostiako familia euskaltzaleak beren umeak Elbira Zipitriaren ikastolara eramaten zituzten. Kontuan izanik ere frankismo gordinari zor zitzaizkion oztopo guztiak, Elbira Zipitriaren ikastola errotuta zegoen, nolabait, gaur egun hori esateak txantxa krudel bat badirudi ere. Jone Forcadaren ikastola, ordea, jaioberri ahul bat zen. Iruditzen zait ikastola berri horretan hasi ginen umeok euskararen abentura ezezagun batean sartu gintuztela.

Jone andereǹƒoak lan itzela egin zuen berarekin zeukan talde narras eta axolagabeak euskal kantak, hizkiak eta zenbakiak ikas zitzan; baita kristau ikasbidea ere, ez banago oker. Garaian, garaikoak. Esango nuke Elbira Zipitriaren estilo latzagoaren aurrean (Marta, nire arreba, Elbiraren ikastolan zegoelarik kexatzen zenez), Jone Forcada tematia izan arren goxoa eta maitagarria ere bazela.

Baina aitortu behar dut: ikastola pobre baina ausart horretaz agertzen zaidan irudirik argiena Jone Forcadaren edertasuna da. Maiatzeko edo urriko arratsalde batean edo bestean ikastolako atean zain egoten nintzelarik, eguzkiak kaiko muraila argitzen zuenean, han agertzen zen Jone soineko alai eta koloretsuz jantzita; bizkor, lirain, airos, irribarretsu. Orduan, 7 edo 8 urte nituelarik, emakumearen edertasuna deskubritu nuen.

Hurrengo urteetan, nerabetasunean, ez nuen Jone Forcadaren berririk izan. Zehatza izateko, ez nuen berri zuzenik izan; baina bai berri inplizituak, berri ezkutuak. Alvarez Enparantzaren (oraindik ez zen Txillardegi, ez Larresoro ezta Enparantza ere) exilioaren kronika datorkit burura derrigor. Etxean Alvarez Enparantzaren bizitzaren gorabeherak jarraitzen genituen. Pertsona kementsu eta duin baten istorioak: adibidez, Bruselan ingeniari gisa egiturak kalkulatzen ogia irabazten zuenekoa, bertan jasan zuen hotza barne, fisikoa eta animikoa.

Eta Jone Forcadak ere, nire andereǹƒoa izan zenak, pasa zituen hotza eta hoztasuna; hori gogoratu beharra dago.

Oroitzen dut, halaber, gure aitak, solemnitatez, exilioaz zerbait adierazgarria esan zigunean: «Dagoeneko Alvarez Enparantza hamalau etxebizitza diferentetan bizi izan da». Horrek gu, burges koskor koitaduok, hipnotizatu gintuen. Baina nola utzi alde batera Jone Forcadak etxebizitza aldaketa eta joan-etorri latz horietan ardura nagusia hartuko zuela?

Alvarez Enparantzaren exilioaren kronika horretan, ez zen falta izan erroak galtzearen beldurra. Atsekabetasunez kontatuko zuen Txillardegik nola entzun zion bere ume bati haren anaiari «Tu est villain» (gaiztoa zara) esaten. Eta Jone Forcadaren atsekabea eta kezka ez ziren, bada, bere senarrarenak baino gutxiago izango.

Azken urteotan, Alde Zaharrean edo euskal ekitaldiren batean edo bestean ikusten nuen, gogotsu, eder eta duin. Tamalez, ez nintzaion inoiz hurbildu esateko bere ikastolako lehenengoetako umeetako bat izan nintzela, eta nire fundamentuzko euskera berarekin ikasi nuela; ez nintzen atrebitu. Berekiko nuen errespetua handiegia zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.